GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKALADA

Nica Caprez: amatasunak ez dio sasoirik kendu «Yeah Man»-en

Eskalatzaile suitzarrak Suitzako Gastlosen-en dagoen bide gogor hori (8b+, 350) egun bakar bateko jardunean igo berri du. Duela ia urtebete ama izan zen, eta bere lehen marra azpimarragarria da.


Nica Caprez eskalatzaile profesional oso entzutetsua da. Kirolari suitzarraren curriculumari begiratzen badiogu, argi geratzen da estilo ezberdinetan bikain moldatzen dela. Hormatzarretan, adibidez, erakutsi du emakumezkoen artean egungo espezialista sasoikoenetarikoa dela. “Orbayu” (8c, Europako Mendiak), “Silbergeier” eta “Unendliche Geschichte” (8b+, Ratikon), “Divine Providence” (7b+, Mont Blanc), “Voie Petit” (8b+, Grand Capucin)… Horietako batzuk Cedric Lachat-ekin egin ditu; beste batzuk, berriz, neskekin. Besteak beste, Barbara Zangerl-ekin.

Joan den ekainean, Gastlosen-eko (Suitza) “Yeah Man” bidea errepikatu zuen Caprezek: bederatzi luze, 350 metro eta, gehienez, 8b+ zailtasun teknikoak. Horrela irakurrita, badirudi zailtasunean ez duela bere marra gogorrena egin. Eta halaxe da. Haatik, izaera alpinoa duen zirrikitu hori hautatu zuen, oso gogorra izateaz gain, igoera gutxi dituena. Gainera, orain dela ia urtebete ama izan zen; sasoiari ondo eutsi dio.

“Yeah Man”-en egin duen eskaladaren inguruan, lehenik eta behin aipatu behar dugu Pauline izeneko au pair-a sokakide izan zuela. Horrek esan nahi du, alde guztietatik begiratuta suitzarrak jarduera osoaren ardura hartu zuela. Alegia, luze guztietan sokaburu joan zen. Caprezek lan eskerga egin behar izan du zailtasunean oso iraunkorra den bide horretan. 8a/+ maila duten plaka oso teknikoak gainditzeaz gain, azken-aurreko luzea (8b+, 45 m), giltza dena, sinatu zuen.

1998. urtean François Studemann eta Guy Scherrer eskalatzaileek hornitu zuten marra hori Grand Pfadflueko iparraldeko aurpegiak duen zailena da. Giovanni Quirici suitzarra izan zen bederatzi luze horiei puntu gorria jarri ziena. Ondoren, era askean igaro dira baita ere, “Yeah Man”-etik Lachat, Siebe Vanhee, Lukas Sager… eta beste zenbait.

Caprezena emakume batek egin duen bigarren igoera (bosgarrena absolutuan) izan da. Gogora dezagun lehena Josune Bereziartu euskal eskalatzaile historikoarena izan zela. 2004. urtean lortu zuen gipuzkoarrak. Luze guztiak kateatu zituen, baina ez jarraian. Bidearen baldintzek eragotzi zioten; izan ere, bustia zegoen. Caprezek, berriz, marraren oinarrian jarri, soka gerrira lotu eta luze guztiak jarraian igo zituen. Hori egiten lehen emakumea bihurtu da. Bistan denez, izaera alpinoa duen bide gogor horretan, amatasunak ez dio indarrik kendu.

Hain zuzen ere, suitzarrari gai horri buruz galdetutakoan, honako erantzuna eman du: «Duela ia urtebete seme bat izan nuen, eta, bai, harritu naiz maila handiko erronketara hain indartsu itzultzeaz. Nire alderdi kutunetako bat da Gastlosen, eta zintzoa izan behar dut: kosta egin zait kemena indartzea “Yeah Man”-era joateko. Amatasuna baino lehen, urtebete lehenago, nire azken bide gogorra egin nuen. Lynn Hill sokakide izan nuen Kapitaineko “The Nose” bidean. Eta beldur pixka bat banuen berriro bide alpino batean gogor estutzeko. Neure buruari galdetu nion ea une egokia zen proiektu horri ekiteko. Azkenean, Jeremy kideak animatu ninduen, eta den-dena primeran atera da. Nire helburura heldu bezain laster sentitu nuen leku egokian nengoela. Gainera, pozarren nago xede honen ardura guztia nik hartu nuelako. Nire au pair Pauline sokakide izan nuen, eta lurretik Liak eta Jeremyk babestu ninduten».

Lerrootako protagonistak onartu du “Yeah Man”-eko xedeak denbora luzea zeramala bere buruan iltzatuta. Bide batez, aipatu du ama izan ondoren gogo handiz zegoela hormatzarretara itzultzeko: «Duela hiru urte, Cedric-ek eskalatu zuen, eta informazio asko eman zidan. Argi zeukan maila banuela nortasun handiko jarduera bat egin ahal izateko. Ama izan ondoren, eskalatzen jarraitu nuen. Alabaina, hain gogorrak diren eskalada horiek senitartekoetatik hurbil egin nahi ditut. Gastlosen etxetik oso hurbil dugu, eta han nire senitartekoak egoteak asko poztu ninduen. Hori aipatzen dut, bidetik jaitsitakoan haiekin egoteko aukera izan nuelako. Horrez gain, mendigune hori ez da arriskutsua; hots, “Yeah Man”-ek ez du konpromiso asko eskatzen. Oso ondo hornituta dago!».

«ZORAMENA»

“Yeah Man”-eko lanaren inguruan, Caprezek dio ez zela batere erraza izan. Udako denboraldian, lehena zen bide horretan, eta hortaz, mugimenduak ikasi, neguak arrokan utzitako hautsa garbitu eta sokak finkatu behar izan zituen. Hala eta guztiz ere, gustura jardun zuen: «Bide tekniko horren pauso teknikoak deszifratzen ibili ginen, eta ez zigun buruhausterik eragin. Denera, bost egun jardun genuen lanean; azkena, bidearen giltza (8b+) kateatu nuen. Bosgarren luzea (8a+ oso teknikoa) eta seigarrena (8a, bulderrekoa) zintzilik utzi nituen; hots, ez nituen era askean igo».

Nahiz eta bi luze horiek kateatu gabe utzi zituen, suitzarrak argi eta garbi zuen bere helburu nagusia egun bateko jardunean luze guztiak lotzea zela. Jakina, era librean. Ekainaren 17an, azken teleaulkia hartu zuten. Bibakerako tresneria eraman zutenez, gaua bidearen azpian egin zuten. Biharamunean goiz irten ziren; besteak beste, arratsaldeko hiruretan eguzkiak marra hori gogor jotzen duelako. Helburua luze guztiak kateatzea bazen ere, Caprezek onartu du ez zuela inolako presiorik: «Arrakasta lortzeko ez nuen itxaropen handirik. Berez, Paulineri esan nion soilik eskalatu eta gozatu egin behar genuela. Goizeko zazpietan, lehen luzea hasi nuen sokaburu. 7c mailako luze batean erorikoa izan nuen. Bilerara jaitsi eta bigarren saialdian kateatu nuen. Bederatzi luze horietan eroriko bakarra izan nuen. Zoramen itzela izan zen! Eskalada osoan konturatu nintzen nire sokakidea oso adimentsua dela, eta horregatik, zorionekoa nintzen. Eskalatzen ari ginen bitartean, neure buruari esaten nion proiektu hau ez nuela bukatu nahi. Denbora gelditu nahi nuen; izan ere, Paulinerekin une zoragarriak bizitzen ari nintzen eta egunaren amaieran beti senitartekoekin egoteko zortea nuen».

Bestalde, aipatu behar da bidearen giltzan (8b+) ez zuela arazorik izan. Bi egun lehenago kateatu zuen, eta mugimendu guztiak ondo memorizatuta zituen: «45 metroko luze hori ikaragarri ona da. Eta, gainera, lurretik 300 metrora dago. Bitxi bat da, eta erresistentzia eta jarraitutasuna elkarrekin uztartzen dituen plaka bikaina. Atsedenleku batean, nire aurpegia arrokara hurbildu eta honakoa esan nuen: nire bizitza onena bizitzen ari naiz. Bi minutu ondoren, luze hori patrikara eraman nuen. Arrakasta hori ospatu nuen, eta gauza bera egin zuten sektore horretako beste eskalatzaileek. Zoritxarrez, luze hori Paulinek ezin izan zuen kateatu. Bidea bukatu eta elkar besarkatu ginen. Egundoko bistak zeuden, baina azkar mugitu ginen ekaitza gainean genuelako. Oinez jaitsi ondoren, bidexkaren amaieran, Jeremyk egundoko ezustekoa eman zidan. Nire semearekin zain zegoen. Une ederra izan zen!».

Eskalatzaile suitzarrak azaldu du “Yeah Man” biribildu eta gero, proiektu gogorrekin jarraitzeko asmoa duela: «Ama naiz, eta badakit ze ardurak ditudan. Momentuz, ez dut inolako xederik zehaztuta. Zintzoa izan behar dut: harritu nau helburu hau hain azkar betetzeak. Urtebete baino gehiago nortasun handiko hormak eskalatu gabe egon eta gero, beldur nintzen jarduera horiek zer eskatzen duten ahantziko ote nuen. Baina “Yeah Man”-en buru-belarri sartu bezain laster, beldur horiek oso azkar uxatu nituen. Proiektu honetan Jeremy semearekin egon da beti. Argi dut gai horretan bion artean oreka bat lortu behar dugula, gauzak ondo egiten ari gara. Sasoiaren aldetik ere, harritu naiz zein ondo moldatu naizen. Uste dut bihotzak indar handia eman zidala».