XOLE ARAMENDI
DONOSTIA

Jan Groover, argazkietako irudietan konposizioa gailentzen denean

Jan Grooverren ibilbide artistikoaren isla diren lan aukeratuak bertatik bertara ezagut ditzake bisitariak Donostiako Kutxa Kultur Artegunea aretoan. Argazkietan islatutako gaiari baino konposizioari ematen zion lehentasuna artistak. Erakusketa irudiz eta objektuz osatutako sorta da; guztira, 150 aletik gora ditu. Artistaren sorkuntza prozesu bereziaren gaineko ikerketa zabal

Ane Abalde Kutxa Fundazioko erakusgelen arduraduna eta Emilie Delcambre komisarioa.
Ane Abalde Kutxa Fundazioko erakusgelen arduraduna eta Emilie Delcambre komisarioa. (Jon URBE | FOKU)

«Pintura ikasi nuen, baina ez nuen esaten pintorea nintzenik. [...] Eta gero, halako batean, pentsatu nuen ez nuela dena asmatu behar izaterik nahi, eta margotzeari utzi nion. Aurrerago konturatu nintzen dena asmatu behar duzula, edonola ere». Esaldi horrek biltzen du Jan Grooverren sen artistikoa: artistak gauzei buruzko bere ikuspegi propioa “fabrikatu” behar du, inguruan dituen elementuak irudikatzeko beldurrik gabe.

Margolaritzan eman zituen lehen pausoak. 1967. urtea erabakigarria izan zen bere ibilbide artistikoan: argazkilaritzari heldu zion, erronka modura, diziplina hori Estatu Batuetan «ez zutela serio hartzen» iritzita. Lehen kamera erosi, eta argazkiak egiten hasi zen bere kasa. «Heldutasuneko lehen ekintza» izan zen, ez sorkuntzan bakarrik, bere bizitzan ere kamera eskuan hartzeak garrantzi handia izan zuen. Etengabe berrasmatu zuen bere burua, eta arrasto sakona utzi zuen argazkilaritzaren historian. Bere sorkuntzaren izaera esperimentala agerian uzten du azarora arte ikusgai egongo den erakusketak; Emilie Delcambre eta Tatyana Franck arduratu dira komisariotza lanaz.

«POLIPTIKOAK»

Lehen argazki lanetan bere ingurunearen ikuspegi hutsalak erretratatu zituen, batez ere; baina laster hasi zen “poliptiko” konplexuak sortzen, hainbat argazki-hartze elkarrekin konbinatuta. Argazki horien antolamendu espezifikoak begi-bistako jolas bat sortzen zuen, irudikatutako objektua ez ezik -nahita ezkutatua edo, alderantziz, biderkatua-, erritmoa, espazioa eta denborazkotasuna ere ardatz zituena. Behiei, autoei, kalean ikusten zituen eraikinei... jartzen zien fokua. “Poliptikoak” -haren hausnarketa formal eta plastikoaren abiapuntu izan zirenak- 1974an jarri ziren ikusgai lehen aldiz, New Yorkeko Light Gallery-n. Argazkilaritza garaikidearen aitzindari izan zen.

Natura hilak berebiziko garrantzia du Grooverren obran. Artista behin eta berriz itzuli izan da genero horretara bere ibilbidean. Pintore gisa zuen prestakuntzatik datorkio lotura. «Natura hilak esanahi bikoitza izan du margolaritzan, baina konposizioak bakarrik pizten zuen interesa berarengan, beste ezerk ez. Gaiak ez du aparteko garrantzirik berarentzat, horixe da bere lanei izenbururik ez jartzearen arrazoia», nabarmendu du Emilie Delcambre komisarioak.

Tamaina gero eta handiagoa hartzen zuten artistaren irudiek. «Koloreak bere horretan lortzen zituen, horrek ematen die artelanei duten indarra», esan du Delcambrek.

Platinoaren prozesuak -William Willis britainiar asmatzaileak 1873an patentatua- kontaktu bidezko inprimatzeak sortzeko aukera ematen du, grabatuen tonua (beltz bizia eta gris leuna) gogorarazten duen erreprodukzio monokromatiko batekin. Platinoa paladioaz ordezkatzen edo nahasten da batzuetan, eta gai horrek «berotu» egiten ditu irudiko tonu erdiak, halako kolore marroixka baterantz.

Prozesu hori pixkanaka ahaztu eta alboratu zen arren, 60ko eta 70eko hamarkadetan argazkilari garaikide batzuen interesa berpiztu zuen, Irving Penn-ena kasu. Artista haiek antzinako prozesuak (“alternatiboak”) eta artisau erakoak zituzten gogoko, eta horrek argazkigintzako prozedura horren teknikaren historia berrikustera eraman zituen.

Grooverrek 1979an deskubritu zuen platino-paladioaren prozesua, Jed Devine argazkilariaren bidez. Hasieran teknika “erromantikoegia” eta guztiz anakronikoa iruditu zitzaion, baina azkenean, harekiko grina piztu zitzaion berari ere. Praktika horrek etapa berri bat markatu zuen artistaren lanean: natura hilaz bestelako genero batzuk aztertzen hasi zen, hala nola paisaia, erretratua eta biluzia. Hain gustukoak zituen gardenkien eta ispiluen jokoak garatu ahal izan zituen teknikari esker. «Margolaritzari lotutako kodeak erabiltzen zituen, publikoarentzat ulertzen errazagoak zirenak, eta horren ondorioz, arrakasta handia izan zuen bere arteak».

BUSHENGANDIK IHESI

90. hamarkadaren hasiera aldaketez betea etorri zen groovertarren etxean. Senarrarekin batera frantziar Estaturako bidea hartu zuen 1991n. George Bushek lehendakari kargua hartu zuen eta herrialdetik alde egin nahi izan zuten. Landetxe bat erosi zuten Dordoinako Montpon-Menesterol herrian. «Estudioaren ateak naturari ireki zizkion; natura hila naturan integratu zen», kontatu du.

New Yorkeko eszena artistikotik aldentzeko erabaki hark mailaz mailako eragina izan zuen Grooverren ibilbidean. New Yorkeko irakasle-lana ezinbestean uztera behartuta, artistak aurrera jarraitu zuen argazkigintza praktikarekin.

GRAMATIKA BERRASMATU

«Bere mundu propioa eraiki nahi izan zuen kanpoko arauei muzin eginez», dio Delcambrek. Gramatika bisuala berrasmatu zuen, natura hila erabiliz, objektu hutsaletatik abiatuta». Bere argazkiak hausnarketaren ondorio dira, ez dira instanteko argazkiak. Argi-itzalei trataera berezia eman zien.

Erakusketa Suitzan aurkeztu zuten lehenik, Lausanneko Photo Elysee-n, erakunde hori baita artistaren funts pertsonalaren gordailu 2017tik. Handik Parisko Fondation Cartier-Bresson-era igaro zen. Ane Abalde Kutxa Fundazioko erakusgelen zuzendaria pozik agertu da, orain Artegunera iritsi delako.