Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
ARRAUNA

Bermeok asteburu borobila izan du eta Castron beste kolpe bat eman du

«Bou Bizkaia» ontziak ligako laugarren bandera lortu du, eta lider jarri da bakarka 76 punturekin. Hondarribia izan da bigarren eta Zierbena, hirugarren. Oriok estropada bikaina egin du bigarren txandatik, laugarren postua lortuta. Baita Kaikuk ere.

Urdaibairen trainerua, herenegungo Sestaoko estropadan.
Urdaibairen trainerua, herenegungo Sestaoko estropadan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Eusko Label Ligak kolore urdina du. Urdaibaik laugarren bandera irabazi zuen atzo, eta beste kolpe bat eman du sailkapenean, bakarka lider jarrita (76). Hondarribia du puntu batera eta Zierbena laura. Castroko itsasoan erakustaldia eman zuen Iker Zabalaren taldeak, eta, herenegungo garaipenarekin, asteburu borobila osatu dute bermeotarrek. Hondarribiak egin zuen bigarren. “Ama Guadalupeko” ontziak gauza on bat du: bandera lehiatu ezin duenean, bigarren postuari eusten diola. Erregularrak direla, alegia. Herenegun ihes egin zion bigarren postuak azken kolpean, Zierbenaren aurka. Atzo, ordea, ez zuen hutsik egin, eta Urdaibairen atzetik sartu ziren. Bigarren dira sailkapen nagusian, puntu batera dutela lehena.

Ohorezko txandatik kanpo, Oriok estropada bikaina egin zuen, eta azkenaldian izan ez duen konfiantza berreskuratzeko lehen pausoa eman zuen. Bigarren txandatik estropadako laugarren denborarik onena egin zuen, Donostiarrari aurrea hartuz. Kaikuk herenegun etxean osatutako estropada ahaztu, eta atzo lehen txandako denborarik onena markatu zuen, eta estropadako seigarren ontzi onena izan zen.

Eusko Label Ligako 8. jardunaldia jokatu zuten arraunlariek Kantabriako itsasoan. Ohorezko txandan, Urdaibaik erakustaldia eman zuen estropada hasi eta bukatu. Orain arte ez bezala, normalean azken luzean aldeak handitzen zituztela, Gorka Aranberri patroiak gidatutako ontzia atzo hasieratik jarri zen aurretik. Hondarribia eta Zierbena zituen atzetik. Hasieratik atzean geratu zena Donostiarra izan zen. Hiru oilarren aldetik urruti zegoen “Torrekua II” ontzia, lehen ziabogan hamabi segundora, hain zuzen ere. Txandako beste hiru traineruen uberari jarraitu ezinik ibili ziren, denbora ezin berreskuratu, eta aurrera begira baino atzera begira jarri ziren, Oriok bigarren txandan egin zuen denbora hobetu nahian. Azkenerako, “mirotzek” aurrea hartu zieten, eta hurrengo asteburuan ohorezko txandan egingo dute arraun, denboraldi honetan bigarrenez.

Estropada aurrera zihoala, Urdaibaik aldeari eusten jarraitzen zion; “Ama Guadalupeko” trainerua eta Zierbenakoa hozka egin ezinik egon ziren. Tartea mantendu bai, baina murriztu ez. Iker Zabalaren taldeak azken luzean eman zuen kolperik handiena, eta lidergoa sendotu du. Beste bi oilarrak bigarren postuari begira jarri ziren, eta bandera irabazi ezean, sailkapeneko bigarren koskari nola edo hala heltzeko borroka estua izan zuten, herenegun bezala. Atzo, baina, Mikel Orbañanosen taldeak eraman zuen saria.

ORIO, KONFIANTZAZ

Orio, ligan orain arte izan ez dituen sentsazio gozoak berreskuratuta, eta laugarren postua eskuratuta. Poparean izan dituzte arazorik handienak “mirotzek”, baina atzo mamu txarrak uxatu, eta, brankaz ez ezik, poparean ere bikain aritu ziren. Erreferentziak ere onak zituzten, poparean Getariari lau segundo atera zizkioten. Hirugarren luzean Jon Salsamendiren taldeak beste sei segundo atera zizkion “Esperantza”-ri, eta azken luzean gozatu ederra hartu zuten.

Bigarren txandan lehia estua izan zuten Getariak eta Cabok: batek jo, besteak eutsi. Ematen zuen Cabo iritsiko zela lehena, baina azken paladetan Unax Eizagirre patroiak gidatutako taldeak estutu egin zuen. Helmugarako argazkian, baliza parean, 10 ehunen Caboren alde. Beraz, “Esperantza” atzetik ailegatu zen. Ondarroa dezente atzerago iritsi zen, 23 segundora. Herenegun estropada ona egin zuten ondarroarrek bigarren txandarako sailkatuta, baina atzo atzera egin zuten, estropadako azken-aurreko denborarik txarrena eginda.

Kaikuk ez ezik, Lekittarrak ere puntu arrantza ona egin zuen. Kaikuren atzetik iritsi zen, eta estropadako zazpigarren denborarik onena egin zuten. Lehia estua izan zuten Santurtzirekin. Brankaz “Sotera” hobeto hasi zen, baina bigarren luzetik aurrera, Isuntza haien pare jarri zen. Azkeneko luzean Santurtzik Kaikuren ubera aprobetxatu nahian, Lekittarraren parean jartzea lortu zuen, baina gero, atera egin zen bizkaitarren uberatik, eta ez zuen lortu Isuntzako ontziari gailentzea. Estropada bukaeran irudi tamalgarria ikusi zen “Sotera”-ko ontzian; arraunlari bat eta patroia mutur-joka hasi baitziren.

Samertolameu izan da txandako ontzirik motelena, alde handiz, gainera. Lan erdietan jada 22 segundoko galera zuen, eta amaitzean 45 segundo atzetik iritsi da.