Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA

Gipuzkoan, EH Bildu aparretan eta EAJ saldoka amiltzen

M28an emandako saltoari beste koska bat gehitu dio EH Bilduk. 116.414 boto jaso ditu, hirugarren postura amildu den EAJk baino 32.076 gehiago. PSEren emaitza onek saria izan dute: aulki bat gehiago izango du Kongresuan.

Mertxe Aizpurua (EH Bildu), botoa ematen.
Mertxe Aizpurua (EH Bildu), botoa ematen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Gipuzkoak hauteskundez hauteskunde erakutsi ohi duen joera abertzaleari eutsi dio, baina zertxobait apalduta eta lehentasunen ordena guztiz iraulita: U23 honetan EH Bilduk jaso du babes handiena, maiatzeko foru eta udal hauteskundeetan hartu zuen bulkadarekin beste koska bat igota. Koalizio abertzalea izan da gehien hazi den taldea (%5,42).

Bi familia abertzaleek (EH Bildu eta EAJ batuta) 200.752 boto lortu dituzte, 2019an baino 14.960 gutxiago. Baina, oraingoan, koalizio abertzalearen zakuak pilatu ditu paper gehienak. 116.414 boto lortu ditu (%31,26), 2019an baino 17.463 gehiago eta jeltzaleak 32.076 bototan gaindituz.

Sorpassoa, gainera, bikoitza izan da. Emaitza oso onak lortu ditu Eneko Anduezaren taldeak, EAJ gainditzeraino, 2019an baino 17.369 paper gehiagorekin. Guztira, 86.711 gipuzkoarrek babestu dituzte sozialistak (%23,28).

EAJk, berriz, zurrustaka galdu ditu botoak: 2019ko azaroan baino 32.423 gutxiago lortu du, 84.338 guztira (%22,65). M28an zigortu egin zuten herritarrek eta, oraingoan, are gehiago: boto portzentajeari begira, %3,55eko galera izan zuten maiatzean, %7,84koa oraingoan (%4,29 handiagoa).

Bestalde, azalberritzeak ez dio lagundu Sumar taldeari botoak biltzen. Are Podemosen itzaletik, hauteskundez hauteskunde babesa mehartuz: 57.363 bototik (2019) 39.435era (%10,59) erori da igande honetako bozetan.

PPk emaitzak hobetu ditu: 32.033 boto-paper lortu ditu (%8,60), 8.414 gehiago. Alta, eskuinak ez du eserlekurik okupatuko Kongresuan.

AULKIEN BANAKETA

Boto-saldoetan izandako aldaketak, ez du hainbesteko eraginik izango Kongresuko eserlekuen banaketan. Bi diputaturekin jarraituko dute EH Bilduk eta EAJk, eta bi izango ditu PSEk ere, bat gehiago lortuta. Sumarrek ez du irabazi lehen Podemosena zen aulkia.

Senatuan, ordea, egoera irauli egingo da. Hiru ordezkari izango ditu EH Bilduk. Hala, ordezkaritzarik gabe geratuko da EAJ eta PSEko Izaskun Gomezek hartuko du laugarren aulkia.