Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
TOUR DE FEMMES 2023

Lotte Kopeckyk Tourreko lehen etapa irabazi du Durtol mendatean erasoa jota

SD Worxeko txirrindulariak bere lehen garaipena lortu du Tourrean. Bederatzi kilometroren faltan jo du erasoa eta bakarrik zeharkatu du helmuga. Tropela 40 segundora iritsi da eta esprintean Wiebes gailendu da. Hirugarrena Koole izan da.

Lorena Wiebes SD Worxeko txirrindularia, Tourreko lehen etapako garaipena ospatzen.
Lorena Wiebes SD Worxeko txirrindularia, Tourreko lehen etapako garaipena ospatzen. (@LETOURFEMMES)

Lotte Kopeckyk jantziko du maillot horia, Frantziako Tourreko lehen etapa irabazi ostean. Bera izan zen atzo indartsuena, eta argiena. Durtol mendateko pankarpera heldu aurretik jo zuen erasoa, eta tropelak ezin izan zuen harrapatu. Bakarrik helmugaratu zen Belgikako Txapelduna. Sekulako denboraldia osatzen ari da SD Worxeko txirrindularia: hemezortzi lasterketa korritu ditu, eta horietatik hamar irabazi ditu. Izan ere, iazko Tourrean gertu izan zuen garaipena behin baino gehiagotan, baina ez zuen loria dastatzerik izan. Atzo jaso zuen saria. Tropela 40 segundora iritsi zen; esprintean bigarren egin zuen Kopeckyren taldekide Lorena Wiebesek (SD Worx) eta hirugarren Charlotte Kool herbeherearrak (Sunweb).

Kopeckyk eraman zuen garaipena, baina SD Worx taldearen estrategia ezin hobea izan zen. Durtol mendatea igotzen hasi zirenean Marlen Reusser (SD Worx) jarri zen tropelaren buruan, erritmoa bizituz. Hor hasi zen tropela mehetzen eta 20 txirrindulari geratu ziren lasterketa buruan. Azken metroetan jo zuen erasoa Kopeckyk, eta inork ez zion jarraitu. Tartea handitzen joan zen, eta tropela saiatu zen belgikarra harrapatzen, baina ez zen egon adostasunik txirrindularien artean. Eta, denbora murriztu ordez, handitzen joan zen SD Worxek etapa irabazteaz gain, bigarren postua ere eraman zuen Wiebesekin.

Tourreko lehen etapan jada erakutsi zuen SD Worxek talde indartsuenetariko bat dela, indartsuena ez bada. Zazpikotea osatzen duten txirrindularien artean, Marlen Reusser Suitzako Txapelduna da, Kopeckyk Belgikakoa, Demi Vollering Herbeheretakoa, eta Chirstine Majerus Luxenburgokoa. Gainera, etapa amaitu ostean, Kopeckyk esan zuen taldeak bi estrategia zituela: berak erasoa jotzea Durtol mendatean edo Lorena Wiebesek esprinta lehiatzea. Bietan garaile atera ziren: Belgikako Txapeldunak eraman zuen etapa, eta Wiebesek bigarren egin zuen esprintean.

SANTESTEBAN, ONENEKIN

Etapak itxura lasaia zuen: 123,8 kilometroko ibilbide laua, eta azken 11 kilometroetan Durtoleko mendatea (1,7 kilometroko igoera eta % 7,2ko pendiza). Mugimendurik egotekotan, hor espero zen. SD Worxek hartu zuen agintea, eta 20 txirrindularik eutsi zioten Reusserren erritmo biziari. Hor zeuden, besteak beste, Veronica Ewers (Education First), Mavi Garcia (Liv Racing), Elise Chabbey (Canyon), Katarzyna Niewiadoma (Canyon), Demi Vollering (SD Worx), Annemiek van Vleuten (Movistar) eta Liane Lippert (Movistar). Ane Santesteban (Jayco) ere onenen multzoan zegoen. Faboritoen artean, Silvia Persico (UAE) eta Claire Steelsek (Israel) 23 segundoko atzerapena izan zuten, eta Juliette Labousek (Team DSM) 43koa, Italiako Giroan bigarren geratu zena.