EDITORIALA

Ez daitezela nahastu, ez dezatela inor engainatu

Pertsona, kolektibo eta herrientzat ultraeskuina Madrilgo Gobernuan ez egotea lasaigarria da, zalantzarik gabe. Igandeko hauteskundeetan, espainiar indar erreakzionarioen aurkako gatazkan, Euskal Herriko eta Kataluniako jendarteek erakutsi duten indarra azpimarratu behar da. Estatuaren zati handi batean duten nagusitasunarekin alderatuta, PP-Vox blokeak hiru eserleku baino ez ditu lortu Euskal Herrian, eta sei Katalunian. Eta Voxek bi bakarrik lortu ditu Katalunian eta bat ere ez Euskal Herrian. Guztira, 71tik 12 izan dira, UPNk lortu duena kontuan hartuta. Estatuan gehiengoa duen bloke ultraeskuindarrak %16ko ordezkaritza baino ez du estaturik gabeko bi nazio hauetan.

Katalunian eta Euskal Herrian PSOEren sukurtsalak izan dira bozkatuenak eta eserleku gehien lortu dituztenak. Katalunian PSOEren ezkerreko esparru unionistak ere emaitza ona izan du, bigarren indarra izateraino. Aitzitik, Euskal Herrian Sumarrek gainbehera jasan du, lau lurraldeetan ordezkari bakarra lortuz. Oro har, joerak eta emaitzak kontuan hartuta, bizirik irautea lortu dute, eta ez da gutxi. Orain, proposamenak egiten eta negoziatzen asmatu beharko dute.

Hala ere, tarte handiegia dago emaitza hauetatik igande gauean PSOEren euskal egoitzetan eta Kataluniakoetan ikusi zen bozkarioraino. Andueza, Chivite edo Illaren harrokeriak gehiegizkoa dirudi. Alde batetik, hauteskundeei begira, Pedro Sanchezek soilik gobernatu ahalko du, baldin eta Euskal Herriko eta Kataluniako indar abertzale eta independentistekin akordioak lortzen baditu. Bestetik, PSCk, PSNk eta PSEk jaso duten botoa eskuin muturraren aurkako eta eskubideen eta askatasunen aldeko botoa izan da. Herriek eta jendarteek beren etorkizuna askatasunez erabakitzeko aukera izan behar dutela onartzen ez badute, epe ertainera indar horiek arazoak izango dituzte. Hauteskunde hauetan, Katalunian independentismoak hauteskundeetan emaitza txarrak izan ditu. Euskal Herrian, EH Bilduk emaitza bikainak izan ditu. Bietan, ordea, beren jendarteentzat garrantzitsuak diren gauzetan oinarrituta, autodeterminazioaren eta askatasunaren aldeko diskurtso irabazle bat birformulatzeko aukerak zabaldu dira.