GARA
BARTZELONA

Kataluniako independentismoak, pisu gutxiago baina erabakigarria

 

Kataluniako independentismoak bederatzi diputatu galdu ditu igandeko Estatu espainoleko hauteskundeetan. Hamalau eserleku lortu ditu guztira, eta 2019ko azaroaren 10eko hauteskundeetan, 23. Galdutako espazioa gorabehera, haien pisua erabakigarria izango da Kongresuan, ezinbestekoak baitira Pedro Sanchezek Moncloan jarraitu ahal izan dezan.

ERCk eta Juntsek zazpi diputatu lortu zituzten herenegun -sei eta bat gutxiago, hurrenez hurren-, eta CUPek ez zuen eserlekurik lortu, Kongresuan zituen bi eserlekuak galduta. PSCk irabazi du oraingoan Katalunian, 19 diputaturekin, duela lau urte baino zazpi gehiago lortuta. Bere markarik onena da 2008an 25 lortu zituztenetik. ERCk bere emaitzak (13 diputatu izatetik 7 izatera igaro da) katalanek PPren eta Voxen «olatu erreakzionarioa» geldiarazteko bozkatu izanari egotzi dizkio, eta ez direla espero zituztenak jakinarazi dute. «Gure gain hartzen dugu herrialde mailako erantzukizunak zuzentzeko kostua», azaldu zuen atzo Marta Vilalta ERCko idazkari nagusiaren alboko eta bozeramaileak. Vilaltaren esanetan, independentismoak «emaitza txarrak» izan baditu ere hautetsontziek bi mezu utzi dituzte: lehena, PPren eta Voxen gehiengo osoa gelditu dela, eta bigarrena, independentismoa funtsezkoa izango dela PSOE-Sumarren koalizioak berriro gobernatu ahal izateko. «Beren herrialdean gobernatu nahi badute, gurea errespetatu beharko dute», adierazi zuen.

Ildo horretan, Laura Borras Junts Per Catalunyako presidenteak atzo berretsi zuenez, «Kataluniako gatazka politikoaren konponbideari heltzen ez dion Espainiako Estatuko presidenterik ez du inbestituko, eta hori amnistia eta autodeterminazioari ekitea da». Junts alderdiak Sanchezen inbestidura babestu ordez hauteskundeak errepikaraziko ote lituzkeen galdetuta, Borrasek erantzun zuen Pedro Sanchezek erabakiko duela hori, «Kataluniako arazoa bere mahaian izango duelako».

Salvador Illa PSCko lehen idazkariak dei egin zien alderdi independentistei, eta bereziki Juntsi, Estatuko Gobernuko Presidentetzari buruzko negoziazioan «egoerak eskatzen duen mailan egoteko». PSOEk Kataluniaren amnistia eta autodeterminazioa ez dituela onartuko ohartarazi zion Illak Juntsi, «egingarriak ez direlako». «Kataluniako herritarrek ez zuten bozkatu» autodeterminazio erreferendumean pentsatuz, «aurrera egiten jarraitzean» baizik, bere iritziz.

ESTATUAK FITXA MUGITU DU

Zubiak eraiki beharrean, Auzitegi Goreneko Fiskaltzak Carles Puigdemont presidentearen eta Toni Comin kontseilari ohiaren aurkako euroaginduak berriz martxan jartzeko eskatu zion atzo Pablo Llarena epaileari. Puigdemontek atxiloketa «agindu izana» leporatu zion Estatuari, igande honetako hauteskundeen emaitzak ikusita Gobernua osatzeko erabakigarri bihurtu ostean. «Egun batean erabakigarria zara Espainiako gobernu bat osatzeko, hurrengo egunean Espainiak zure atxiloketa agintzen du», adierazi zuen.

Bestalde, Clara Ponsati Junts alderdiko eurodiputatua Bartzelonan atxilotu zuten, itzulia zela iragarri eta ordu batzuetara, Pablo Llarena epaileak desobedientziagatik auzipetuta zegoela jakinarazteko emandako aginduaren ondorioz. Kataluniako hiriburuko Justiziaren Hiritik aske atera zen kontseilari ohia, deklaratzeari uko egin ostean. «Ez dut galderarik erantzun, hori baita nire abokatuak gomendatu didana, eta oso esanekoa naiz», adierazi zien Ponsatik kazetariei epaitegitik irtetean, desobedientzia delitu batengatik auzipetuta zegoela jakinarazi ondoren.