GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

Irakasle funtzionario insolidario eta injustuak


Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sisteman hainbat irakasle funtzionariok korronte insolidario eta arriskutsua sortzen eta bultzatzen dute langileen eskubideen aurka doana; urteak eta urteak interino modura lan egin eta orain egonkortu dituzten irakasleen aurka hain zuzen ere.

EAEko hezkuntza sisteman irakasle interinoak funtsezkoak izan dira, urtez urte, euskal haur eta gazteei kalitatezko irakaskuntza eskaintzen. Gainera, irakasle interino gehienek beren burua eguneratu eta birgaitu egin dute pedagogia berritzaileetan, konpetentzia digitalean, eta beste hainbat alorretan. Irakasle funtzionarioak («karrerako funtzionarioak») adina edo gehiago, segur aski; azken hauetako asko funtzionario egin ondoren, eta Eusko Jaurlaritzaren kontrol zehatzik izan gabe, agian ez baitira eguneratu konpetentzia pedagogikoetan, digitaletan, eta beste hainbat alorretan (agian «zaharkituta» geratuz horietako asko edo, gutxienez, zenbait).

Irakasle interino gehienak egoera laboral irregular eta ilegal horretan urte asko egon ondoren (hamar, hogei edo gehiago, kasu askotan), Europako Batasunak exijitu zuen horien lanpostuak egonkortzea. Ondorioz, Gobernu espainolak eta Eusko Jaurlaritzak legezko prozesuak ezarri eta aplikatu dituzte irakasle horiei merezimendu oposaketa bitartez egonkortasuna bermatzeko. Jakina, merezimendu oposaketan ere eskakizunak zorrotzak izan dira: dozentzia esperientzia handia frogatzea; titulu akademikoak izatea (unibertsitate titulu bat baino gehiago, kasu askotan); gaitasun digitalean kurtsoen bitartezko prestakuntza eta eguneratzea ziurtatuta izatea, eta abar.

Beraz, langile eskubideen aurka zegoen egoera ilegal bati irtenbide egokia ezarri diote prozedura zorrotz, exijente eta justu baten bidez. Baina, gezurra badirudi ere, hainbat irakasle funtzionario («karrerako funtzionario» deitzen dute beren burua) horren aurka jarri dira, insolidaritate itzela adieraziz.

Orain, Eusko Jaurlaritzak ezarritako dekretua eta prozesua bete egin behar ditu, plaza lortu duten irakasle interinoek euskal haurrei eta gazteei kalitatezko hezkuntza ematen jarrai dezaten.