Arnaitz GORRITI
CAIXABANK MASTERSA

Iker Larrazabalen izarrak Zabaletaren laguntzarik gabe ere distira egiten du

Elizondoko Baztan pilotalekuko ikusleen txalo zaparradak eragin zituen Amurrioko aurrelariaren jokoak. Hala ere, 22ra iristeko lan handia egin behar izan zuen bere atzelariarekin batera, azkenera arte ez Elordik ez Albisuk ez zutelako amorerik eman.

Iker Larrazabalek maila aparta erakutsi zuen Elizondoko neurketan.
Iker Larrazabalek maila aparta erakutsi zuen Elizondoko neurketan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Jose Javier Zabaletaren ondoan jokatu eta distira egitea lortzen bada, hor bada pilotaria. Aurtengo uda erabakigarria izaten ari da Iker Larrazabalen bizitza profesionalean. Elizondoko Baztan pilotalekuan Caixabank Masterseko puntua eraman zuten atzo arabarrak eta nafarrak, azkenera arte etsi gabe jokatu zuten Aitor Elordi eta Jon Ander Albisu menpean hartuta. Eta Zabaletaren joak aldea markatu baldin bazuen, Larrazabalen talentuak, hanka-sartzeak hanka-sartze, ondo merezitako txalo zaparradak atera zizkien Baztan pilotalekuko ikusleei.

Hasierako tantoetan Larrazabalek berak egin zituen eta berak galdu zituen guztiak, baina aurrelari gaztea asentatzeaz bat, urdinek airean irabaziko zuten tankera hartu zuen Elizondoko demak. Hasteko, Zabaletak bizkarra nahi beste erakusten zion Albisuri eta Larrazabalek, berriz, errematatzaile abila baino ondotxoz gehiago ere badela erakutsi zion Elordiri. Izan ere, airez zein botez, Amurrioko aurrelariak berak zuloak ireki eta tantoak amaitu zituen markagailua 2-8 jarri arte.

Partidaren zorionerako, neurketa ez zen hor hautsi; batetik, Larrazabalek bere gaztetasunari loturiko kale pare bat egin zituelako, eta, horrez gain, Elordik ere aurreko koadroetan moldatzen badakiela erakutsi ziolako arabarrari. Mallabiko aurrelaria asteotan partidak bata bestearen atzetik jokatzen ari da eta, egia esan, tarteka lana pilatzen ari zaiola dirudi, baina atzo ere lanari ez diola beldurrik erakutsi zuen.

Hala, gorriek 8na berdintzea lortu zuten, zabalean moztuta Albisuk berak egindako tanto zoragarri baten ostean. Tarteka, gainera, ataundarrak bizkarra ere erakutsi zion Zabaletari eta, Elordiren ekimenari esker, partida biziberritzea lortu zuten, nahiz eta aurretik behin ere ezin jarri gorriak.

PILOTAREKIN ASMATU

Urdinek hasieran ateratako pilota asko gastatu zen. Izan ere, erreminten partidak ere hartzen dituen pilotalekua da Elizondokoa; zerbaitegatik baititu 12 koadro pasatxo, eta zorua eta frontisa ere ohiko pilotalekuena baino lakarragoa du.

Hala, pilotak bizitasuna galtzean Larrazabalen erremateek ere eraginkortasuna galdu zuten. Ondorioz, nahiz eta Zabaletaren joari aurre egin behar izan -asko ibili behar izan zuen Albisuk, batik bat-, Elordik eta Albisuk 14-15era arte partidan aukera guztiekin mantentzea erdietsi zuten.

Baina behin pilota biziago bat atera zutenez geroztik, urdinek berriz ere aldea ireki ahal izan zuten: 14-19 lehenengo eta 15-21 gero. Elordik eta Albisuk, lanerako zeudela erakutsiz, azken estutu bat eman zieten urdinei, baina hutsik egiteko tarterik gabe, Mallabiko aurrelariari txapapera erori zitzaion pilotakada batek eman zion errematea neurketari. Orotara, Larrazabalek 11 tanto egin zituen, eta goiko mailan lekua egiten ari dela erakutsi zuen, garaipenaz haratago. Noski, Zabaleta atzean badago, dena da errazagoa, baina bere merituak hantxe geratu ziren.