GARA
DURANGO

Javier Santurtunek 30 pieza ditu ikusgai Durangoko Museoan

Javier Santurtunek erakusketa du zabalik Durangoko Arte eta Historia Museoan. Artista barakaldarrak 30 piezaz osatu duen erakusketa da “Emoiguzu gaur: Danos hoy nuestro pan”, irailaren 3ra arte ikusi ahalko dena.

Javier Santurtun espresuki Durangoko erakusketarako sortu dituen artelanez inguratuta.
Javier Santurtun espresuki Durangoko erakusketarako sortu dituen artelanez inguratuta. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Javier Santurtunek bere jarduera artistikoaren azken emaitza erakutsi nahi izan dio publikoari Durangoko Arte eta Historia Museoan irekita duen erakusketan.

“Emoiguzu gaur: Danos hoy nuestro pan” izenburupean erakusketa honetarako espresuki egindako lanez osatua dago.

OBRA PUBLIKOA

Santurtunek egindako lan gehienak eskultura publikoak izan dira, eta Durangoren kasuan Benita Uribarrena parkea dekoratzen duten eskulturak dira artista barakaldarraren lanaren adibidea.

Arte eta Historia Museoak hartu duen erakusketarako dimentsio txikiagoko lanak egin ditu. Materialaren kasuan ere aldaketa nabarmena egin du, egurrezko eskulturak lehenetsi baititu.

Erakusketari dagokionez, eskultura antropomorfoak atondu ditu, batzuk egunerokotasunetik ateratakoak, beste batzuk literaturatik edo erlijiotik, beste batzuk Artearen Historiatik, bai eta artista propioen erretratuak ere.

Betiere lanen izaera industriala alde batera utzi gabe ondu ditu lanak Santurtunek.

«NEGARRA ERAGIN»

Santurtunen iritziz, arteak negarra eragin behar digu.

«Edertasuna hainbesterainokoa izan behar da, ezen astindu egin behar baikaitu. Eta barrez leherrarazi, zoriontasunez eta esker onez. Barreak eta negarrak bihurtzen gaituzte hain gizaki. Nahiko nuke nik neuk ere nire saiakeren emaitza pobre hauek zuek hunkitzeko eta astintzeko gai balira», adierazi du sortzaileak.

«Zer erakuts dezakete gaur aurkezten ditudan artelanek?» galderari, hauxe barakaldarrak emandako erantzuna: «Hauskortasuna, hauskortasuna, hauskortasuna».

MARGOTIK ESKULTURARA

Santurtun Barakaldon jaio zen 1956an, eta Arte Ederretan lizentziatu zen 1985ean, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). 1976a baino lehenagotik aritu da pinturan, urte horretan egin baitzuen lehen erakusketa. Artistak Gaztelueta ikastetxeko Arte Plastikoen Sailean lan egin zuen 1979tik 1999ra, arte hezkuntza eta bere sorkuntza proiektuak uztartuz.

Durangoko Arte eta Historia Museoan ikusgai dagoen erakusketan 30 eskultura baino gehiago bildu dira eta irailaren 3ra arte bisita daiteke asteartetik ostiralera 10.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 20.00etara; larunbatetan 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara. Igandetan 11.00etatik 14.00etara.