GARA Euskal Herriko egunkaria

Leon erregea iratzarri ondoren, haien egun handiari zukua atera zioten haur baionarrek

Txistulari eta gaiteroen dianak iragarri zuten lehen besta gauaren ostean, berriz ere oinak lurrean jartzeko zailtasun franko erakutsi zuen hiriak. Emozioz beteriko egunaren iragarle, haien atzetik heldu ziren haurren algarak. Entzierro txikian zangoak astindu ondotik, milaka eztarrik oihuka ernarazi zuten Leon erregea.

Entzierroan haur anitz bildu zen, eta Leon erregearen iratzartzean, adin guztietako jendetza. (Patxi BELTZAIZ)

Betisoa peñak eskainitako txokolateak energia hartzeko ez ezik, ausardia hartzeko ere balio du, nonbait; izan ere, basokada edan ostean dozena erdi bat zezen zirikatzaileri aurrez aurre begira aritu zen Baionako lehen entzierro txikian parte hartu zuen haur tropela.

San Andresetik atera ziren Ardukari ganadutegian hazitako gurpildun zezenak eta Jacques-Portes plazan amaitu zen ibilbidean izan zen lasterketa arriskutsurik.

Adarkadarik ez baina, haur anitz zirenez, bultzadaren bat edo beste jaso zuten Fermin santua baino Leon Erregea patroi handitzat duten korrikalari baionarrek.

Astearte gauean, Askatasun plazan Tafallako erraldoiak Leon erregearen gortean bete- betean sartu ziren. Aurten lehen aldiz Baionako Harmoniaren doinupean ziganteak dantzan ikusi ziren Lapurdiko hiriburuan “Behin izaten ziren bestak” ikusgarria kari. Zangoak errodatuta zituztela ekin zioten Oroi Bai konpartsako ziganteek, gorteko gaiteroek bezala, garbiketaz arduratzen diren udal langileen lehenago txukundutako karriketatik igaro zen ibilbideari, Askatasun plazaraino. Eguerdian ezin galduzko hitzordua zuten danbor-joleek ere. Ordurako eztarriak aski urratuak zituzten haur askok, Herriko Etxeko balkoiari begira «Altxa Leon, altxa» agindua hamaika aldiz oihukatu ondoren.

Urte osoa atsedenean eman ondoren, alferkeria erakutsi zuen atzo ere Baionako erregeak. Plazan zen Aviron taldeko maskota, “Pottoka”, pazientzia galtzen hasia zelarik, gortinak ireki ziren behingoz eta panpina erraldoia azaldu zen udaletxeko balkoian plaza betetzen zuten haurrak agurtzeko. Hura algara!

Horrela, guraso edota aitatxi-amatxien konpainian bestazale txikiek erritua bete zuten, eta handik aurrera haien egun handiaren karietara antolaturiko hamaika jardueraz gozatzeko parada zuten.

JOKO ESKAINTZA ZABALA

1996ko bestetan ospatzeari ekin zioten Haurren Egunerako prestaturiko jokoak egin zituzten besta alternatiboen programaren barruan, 13.00etatik landa, Gaia elkarteko lagunek.

Besta eredu euskaldun, herrikoi eta feminista bultzatzea xede duen egitarau horren barruan, bertakoen miresmena, eta Euskal Herriaz kanpotik heldutako bisitarien harridura eragin zuen atzo arratsaldean plaza hartu zuten herri kirolen erakustaldiak.

Bestalde, Poterna eremuan 5.000 haurrentzako harrera antolatu zuten 120 boluntariok, eta, urtero bezala, zaldiko-maldikoez gozatzeko aukera izan zuten gaztetxoek.

Manexen feria iazko eremu berean kokatu dute aurtengo ekitaldian ere. Bestak hasi aitzin, astelehenean zehazki, Boufflers etorbidean, Reduit plazan eta Santizpirita zubiaren behealdean ezarri zituzten zaldiko-maldikoak. Asteazkenean ateak zabaldu ostean, martxan izanen dira igandera arte.

Feriaren kokapenak eztabaida pizten du aldiro, auzoek harrabotsa dela-eta kexak azaltzen dituztelako.

NOIZ GOAZ MANEXETARA?

Hala ere, manexen feriari buruz ari garela, hori kokatzeko aukerak murriztu dira jai eremuan sartzeko kobratzea erabaki zenetik, baldintza nagusia baita ordainpeko eremutik kanpo ezartzea manexak.

Ika-mika horietatik urrun, beren egunari zuku guztia atera zioten atzo haurrek. Baita iluntzetik erreleboa eman zieten tamaina handiko bestazaleek ere, bai Paul-Berten bai Patxa plazan antolaturiko kontzertuen erritmoan bigarren gaualdian sartu zirela.

Ostiralean, elkarteen egunarekin, ordainpeko denboran sartuko dira Baionako bestak. Goizeko 10etatik aitzin 12 euroko eskumuturra erakutsi beharko dute baionarrekin batera besta egiteko asmoa duten 16 urtetik gorako bisitari guztiek.