Fito RODRIGUEZ
Idazlea
KOLABORAZIOA

Rockero zaharraren galdera

Espainiako hauteskundeen aurreko astea Bartzelonan eman nuen lagun batzuekin, Gustavo Santaolallaren Europako birako azken kontzertura joan nintzelako. Hango egonaldiak bertatik bertara ezagutarazi zidan, adiskideen bitartez, han bizi den etsipen politikoaren giroa eta, halaber, argentinar musikari ospetsuaren abestietan oinarriturik, nolabaiteko azalpena aurkitu nuen horrentzat, orain zurekin partekatu nahi dudana, balizko irakurle hori.

Hauteskunde aurreko giroa, denok dakigun bezala, gezurraren erabilera kontzienteak markatu zuen eta, ondoren, hauteskundeetako emaitzek berriro egia-osteko eremuan lur hartzera behartu gintuzten.

Feijooren pentsioei buruzko adierazpen gaiztoak, baita EAJk EH Bilduren eta PPren arteko itunaz zabaldutako gezurrak ere, PSOEren eta Sumar delakoaren artean ere erabilita, Twitterrek adierazpen horiek sarean zuzentzeko eskubidea erabili behar izatea ahalbidetu zuten, baina zuzentzeko zailena praktika gero eta zabalduago horiek politikan sortzen duten frustrazioa da, eta horren adibide da Kataluniako independentismoaren egoera animikoa, guztiz zapuztua dagoena.

Horixe dena ulertarazteko Santaolallaren abestiaz baliatu nintzen. Horra.

Gustavo Santaolalla artista ezaguna da eta aztarna garrantzitsua utzi du musika arloan. Bere kanturik esanguratsuenetako bat “Rodando” (Ibiltzen) izenekoa izan da. Argentinako musika folklorikoko elementuak eta gaur egungo soinu rockero zuzenak modu interesgarrian uztartzen dituen abestia dugu. Haren letrak honi buruz dihardu: askatasunaren bilaketari buruz eta ezbeharren edota gezurren aurrean nola erantzun behar den. Santaolallaren ahotsak, bere gitarrarekin eta beste instrumentu batzuekin batera, malenkonia eta itxaropen sentsazioa transmititzen du aldi berean. Bere musika estiloa introspektiboa eta sakona izanik, publikoarekin emozionalki konektatzea lortzen duela uste dut.

Hona hemen “Rodando” abestiaren letra gurera ekarrita:

«Ibiltzen ari naiz/ nire bidearen bila/ Zabaldutako ateen atzean/ zeinuen bila ari naiz».

«Parkeak, tabernak,/ oheak, trenak eta lekuak/ zeruak, infernuak,/ ezagutu gabe dena berdin zait».

«Zertarako bizi naizen ez badakit,/ itsasoan ibaia hiltzen bada/ Espero eta agindutako lurraz/ Zauriak geratzen zaizkit soilik».

«Baina horretaz/ erantzuna aterako dut/ Bizidun bakoitzari galdekatuko diot/ gezurretan nor ari zaigun ba ote dakien...».