GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
Miren Garmendia
Hondarribiko patroia

«Egunaren eta baldintzen arabera, bandera edonork irabaz dezake»

Hondarribia bosgarren da Euskotren Ligan, 22 punturekin. Aurretik lau puntura du Donostiarra, eta, atzetik, zazpi puntura du Hibaika. Miren Garmendia (Hernani, 1999) taldeko patroiak esan du asko hobetu dutela itsasoan, eta gozatzen ari direla. Gaur ligako 7. jardunaldia jokatuko dute Getxon, 17.30ean, eta bihar Santurtzin izango dute estropada, 11.25ean.

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)

 

Hondarribiko Arraun Elkartean arraunlariak gutxika-gutxika sartzen ari dira entrenamendu saioa egiteko. Miren Garmendia Hondarribiko patroia 18.00etan etorri da, beste bi arraunlarirekin batera. Taldekideak zuzenean klubeko gimnasioan joan dira, uretara sartu baino lehenagoko lan saioa egitera. Garmendiak, ordea, aurretik egin du lan hori -elkarrizketagatik-, eta GARArekin egoteko tartea hartu du. Klubeko instalazioen ondoan taberna bat dute, eta han dago Iker Cortes Hondarribiko entrenatzailea. «Patroi ona da Miren», adierazi du Cortesek. Garmendiak barre egin du.

Joan den asteburuan ez zenuten jardunaldirik izan. Atsedena onerako izan al da?

Alde batetik ez zaigu asko gustatu; behin dinamikan sartzen zarenean, asteburuero lehiatzen, pixka bat arraroa egin zaigu. Baina, bestalde, oso ondo entrenatu dugu. Aste ona izan da, eta mentalki ondo etorri zaigu lanean jarraitzeko.

Asteburua pasatuta, sasoiaren erdira iritsiko zarete. Zer balorazio egiten duzu orain artekoaz?

Oso positiboa. Bi helburu ditugu liga honetarako: bat da kanporaketak saihestea, seigarren postu hori saihestea; eta bestea da ohorezko txandara sartzea. Oraingoz bosgarren postua mantentzen dugu eta ohorezko txandan ere egon gara igande batean. Alde horretatik, oso pozik.

Azken bi estropadetan laugarren egin duzue, beste hiruretan bosgarren. Goraka zoazte?

Bai, hori da aurtengo gauza politena. Negutik sekulako familia sortu dugu, eta horrek egin du dinamika positibo batean sartzea, eta maila oso altuan entrenatzea. Azkenean bagenekien presio handia genuela zortziko liga honetarako, eta negutik uste dut denok gehiago estutu dugula. Urtez urte maila ona ematen ari gara.

Azken estropadan Donostiarra kanporatua izan zela. Nerea Perez Donostiarrako patroia orain dela hiru urte Hondarribian izan zen. Ezagutuko zenuten elkar.

Bai, pena bat da despiste batengatik estropada ez jokatzea. Baina mentalki oso indartsuak dira, eta uste dut azkar buelta emango diotela eta berriz ere estutuko dutela.

Laugarren postuaren lehian, ustea zen Tolosaldea eta zuek ibiliko zinetela. Haiek ondo hasi dira, hirugarren. Bai, oso-oso indartsu hasi dira, eta ez genuen espero. Lan ona egin dute neguan, sekulako pausoa eman dutelako eta maila altua ematen ari direlako. Ematen du gu baino urrats bat aurrerago daudela, baina hortxe ibiltzen gara askotan, ehunekoen aldearekin. Hortxe dugu borroka.

Orio, Arraun eta Donostiarra gainerakoak baino koska bat gorago daude?

Hasieratik parekotasun handia dago. Ikusten da bai Orio eta bai Arraun Lagunak pauso bat aurretik daudela, baina, egunaren eta baldintzen arabera, iruditzen zait edonork irabaz dezakeela bandera bat.

Behera begira, Galiziarrak kenduta, Hibaika zazpi puntuetara duzue.

Bai, Hibaika oso gertu dugu. Batzuetan Tolosaldearekin ibiltzen garen bezala, ehunekoen aldearekin, eta oso hurbil, atzetik ere hurbil ditugu. Alde batetik, hori ere ondo dago, guk gehiago estutzen dugulako. Baina ezin dugu erlaxatu. Hibaika aurten ere maila ona ematen ari da, eta gertu ditugu.

Nolako estropadak espero dituzu Getxon eta Santurtzin?

Getxon itsaso pixka bat emanda dago. Polita izaten da estropada. Mugimendu pixka batekin ea estropada ona egiten dugun. Bestalde, Santurtzin kaleen zorte faktore horrek asko eragiten du. Ea zortea dugun.

Nadeth Agirrerekin batera, patroi onenaren sarian lehenengo postuan zaude.

Sari polita iruditzen zait. 2021ean ere irabazi genuen, eta ilusioa egiten dizu. Azkenean, trainerura igotzen zara, han pozik daude neskak ere, eta, izen-abizenak eduki arren, denei esker irabazten den sari bat da. Orduan, ilusio handia egiten digu.

Hiru urte daramatzazu Hondarribian. Lehen Hernanin aritu zinen. Gustura zaude?

Bai, oso gustura nago. Egia esan, Hondarribia beti erreferentzia moduan izan dudan kluba da. Gozamena da herritik joatea eta ikustea jendeak zer afizio polita duen, eta nola hurbiltzen diren eta animoak ematen dizkizuten. Gauza oso polita da. Hondarribia beti izan da tradizio handia eduki duen klub bat. Asteburuetan etortzen zara hona, eta ikusten duzu jende guztia kamisetarekin, eta babes hori... Egun txarretan asko eskertzen da.