GARA Euskal Herriko egunkaria

Emmy sariak atzeratu egin dituzte, gidoilarien eta aktoreen grebarengatik

Irailaren 18an banatzekoak ziren Emmy Sariak urtarrilera atzeratuko dituzte, Hollywoodeko aktoreen eta gidoilarien greba dela eta. Oraindik ez dute data zehatza adostu, baina aktoreen eta gidoilarien sindikatuek ez dute egin nahi, akordio batera iritsi arte.

Emmy Sariak urtarrilera arte atzeratu dituzte. (Robin BECK | AFP)

Telebista Akademiak eta Fox kateak Emmy Sarien banaketa ekitaldia 2024ko urtarrilera atzeratzea erabaki dute, aktoreen eta gidoilarien sindikatuak egiten ari diren greba dela eta, AEBetako prentsak ostiralean aditzera eman duenez.

“The Hollywood Reporter” hedabide espezializatuak ezagutarazi du Emmy Primetime izeneko urteroko sariak, irailaren 18rako aurreikusita zeudenak, urtarrilerako birprogramatzen ari direla, baina oraindik ez dago behin-behineko datarik.

Sarien programaziotik gertu dauden iturriak aipatzen ditu aldizkariak, eta adierazi du «idealki» Emmy Sarien 2023ko edizioa ez dela egingo, harik eta Estatu Batuetako Aktoreen Sindikatuak -SAG-AFTRA, ingelesez- eta gidoilariak Zinema eta Telebista Ekoizleen Aliantzarekin akordio batera iritsi arte.

«Telebista Akademia eta Fox katea elkarrizketetan ari dira oraindik, ekitaldia noiz birprogramatuko den zehazteko», ziurtatu du “The Hollywood Reporter”-ek.

“Variety” aldizkariak ere esan du dagoeneko atzerapenaren berri izan dutela galaren antolaketan parte hartzen duten zerbitzu hornitzaileek.

Aktoreen eta gidoilarien gremioek beren afiliatuei eskatu diete, grebak irauten duen bitartean, burututako lanaren publizitaterik ez dezatela egin, horrek eragin handia izango bailuke, bai aurkezleengan, bai eta gonbidatuengan eta sarituengan ere.

Aldizkariak gogorarazi du iaz banatutako 25 sarietatik 16 aktore eta gidoilarientzat izan zirela.

Emmy sarien atzerapen hau lehena da Telebistaren Arte eta Zientzien Akademia Nazionalak (NATAS) eta CBS kateak 2001ean azaroaren hasierara arte atzeratu zutenetik, urte horretako irailaren 11ko atentatuen ondorioz.

LEHENENGOA 60 URTETAN

Grebak, azken sei hamarkadetan aktore eta gidoilariek aldi berean egindako lehenengoak, behartu du ekoizpenak, filmaketak eta promozioa bertan behera uztera.

Antzezleek adimen artifiziala arautzea, streaming zerbitzu batek ekoizpen baten eskubideak merkatu berri bati saltzen dizkion bakoitzean jasotzen dituzten konpentsazioen ordainsari altuagoak eta gutxieneko soldataren igoerak eskatzen dituzte, besteak beste.