GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

«Amaia eta Iker» bidea Kaukason, Patagonian zendutako lagunak gogoan

Julen Berrueko, Jon Inoriza eta Tasio Martinek Gulbako hegoaldeko horman «Amaia eta Iker» bidea (7b, 650 m) zabaldu dute, Patagonian desagertu ziren bi alpinisten omenez. Eguraldi kaskarrak espedizioa baldintzatuta, helburu berriak jarri zituzten.


Joan den urtarrilean, elur-jausi batek harrapatuta, Amaia Agirre eta Iker Bilbao betirako geratu ziren Patagoniako Fitz Roy-ko magalean. Patagoniako gailurra igo ostean, elur-jausi batek harrapatuta desagertu ziren eta Josu Linazak, espedizioko hirugarren lagunak, eman zuen abisua. Sei hilabete beranduago, bi euskal alpiniston izenek leku berezi bat hartu dute Kaukason. Hain zuzen ere, Julen Berruekok, Jon Inorizak eta Tasio Martinek Gulbako (3.725 m) hegoaldeko horman “Amaia eta Iker” bidea (7b, 650 m) zabaldu dute.

Hirukote horrek pare bat asteko irteera egin berri du Fedme-ren (Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioa) alpinismo taldearekin. Mikel Zabalzaren zuzendaritzapean, espediziokideek helburu oso erakargarriak zituzten Uxba mendi ikonikoan (Georgia). Baina, zoritxarrez, Martinek GARAri azaldu dionez, klima gaiztoak erabat baldintzatu zien joan den uztailean eginiko irteera: «Espedizio horretara abiatu ginen zortzi kideok Uxba genuen helburu nagusia, baina mendia eskalatzeko aurreikusten ziren ekaitzak zirela-eta, beste plan batzuk egin behar izan ditugu. Julenek, Jonek eta hirurok, adibidez, mila metroko hurbilketa-bidea egin eta gero denda altxatu, eta arratsaldean iragarrita zegoen ekaitza lehertu zen. Espero baino indartsuagoa zen; prezipitazio gutxi baina trumoi eta tximista asko. Gainera, bero handia egiten zuen; 0° isoterma 4.800 metrora zegoen. Gure asmoa bertan behera utzi eta ondoan dagoen Gulba mendiaren hegoaldeko hormatzarra aztertzen hasi ginen».

«LUZE ONENETAKOA»

Euskal alpinista hauek bazekiten murru horretan pare bat marra zeudela. Eta behaketa lanak bukatu bezain pronto, erakargarria, tentea eta agerikoa zen zirrikitu batean sartu ziren. «Egunean egiteko jarduera zen. Gainera, tontorrera iristen zen», zehaztu du Martinek. «Biharamunean, goizeko 4.30ean, friend piloa eta iltze batzuk hartu eta eskalatzen hasi ginen. Lehen bospasei luzeak zailtasunean errazak ziren: 5+ eta 6b maila artekoak. Oso erritmo onean gindoazen, baina bat-batean lehen zalantzak iritsi ziren. Espero baino zailagoa zen diedro batean sartu ginen. Jon sokaburu zegoen. Eta luze hori amaitu zuen pare bat metro artifizialean eginez. Soka gainetik genuela, Julenek eta biok librean (7a+) gainditu genuen. Luze oso-oso ederra izan zen», azaldu du alpinistak.

Hurrengo luzean ere, hirukoteak estutu egin behar izan zuen. Ez zuten argi aurrez aurre zituzten artesiak egokiak izango ote ziren. Izan ere, behetik ikusita bazirudien itxi egiten zirela: «Zorionez, luze hori eskalatzen ari ginen bitartean ezusteko ederrak jaso genituen. Besteak beste, arrakala bat itxi eta ondoan beste on bat agertzen zelako. Hirurok bat gatoz: gure ibilbidean eskalatu dugun luze onenetarikoa da! Bazirudien Grand Capucineko luze bikain horietako bat igotzen ari ginela. Ikaragarri ona, eta, gainera, bistan (7b) sinatu genuen. Ufa, egundoko energia eman zigun!».

Bi luze on horiek gainditu ostean, zailtasun teknikoak arindu ziren berriro. 5+ eta 6a maila arteko bizpahiru luze eskalatu eta horma nagusitik irten ziren. Ondoren, katu-oinak kendu, botak jarri eta ensanblean 200 metroko sekzio bati ekin zioten. Ertz txiki batek 11.30ean Gulbako gailurrean utzi zituen.

«AMAIA ETA IKER» BIDEA

Martinek dio pozik daudela eginiko lanarekin: «Nahiz eta gure xede nagusia gauzatzen saiatzeko aukerarik ez izan, Gulban bide bat sortu dugu bederen. Esan behar dut ere tontorretik egundoko ikuspegiak genituela. Adibidez, Uxba parez pare baina 1.000 metro garaiago. Oso txiki sentitzen ginen! Jaitsieran kristoren beroa egin zigun. Kanal batetik rappel batzuk egiten ari ginela, bazirudien arroila-jaitsiera batean sartuta ginela».

Era horretan, Berruekok, Inorizak eta Martinek Gulbako lanak amaitu zituzten. Martinek baieztatu digu bide berriari izena jartzerakoan une oso berezia bizi izan zutela. «Igotzen ari ginenean, Jonek esan zidan ondo legokeela zabaldutako bide berria Amaiari eta Ikerri eskaintzea. Bitxia bada ere, aurreko bileran, inori esan gabe, gauza bera pentsatu nuen. Kointzidentzia hutsa izan zen! Gure asmoen berri eman nion Juleni, eta hark proposamena onartu zuen. Horregatik, zendutako gure lagunen omenez ‘Amaia eta Iker’ izena jarri diogu», adierazi dio Martinek GARAri.

Duela sei hilabete zendutako bi alpinistak omentzeko modu ezin hobea aurkitu zuten hiru mendizaleok Kaukaso mendilerroan.