GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Barkatzekorik ez


Mao, Stalin eta Hitler aipatu ohi dira XX. mendeko hiltzaile handienen artean. 60, 40, eta 30 milioi pertsona hil izana egozten diete, hurrenez hurren. Zerrendan hurrengoei -Leopoldo II.a, Hideki Tojo, eta Enver Pasha-ri- 10, 8 eta 2na milioi. Hortik behera txikiagoak dira aldeak. Berriki “Oppenheimer” filmak gogorarazi digunez, nahiz eta zerrenda horietan aipamenik ez izan, Amerikako Estatu Batuak eta bere aliatuak izan ziren XX. mendeko hiltzailerik handienetakoak. Bigarren Mundu Gerran soilik 15 milioi militar eta 38 milioi zibil hil omen zituzten. Hiltzaileen podiumean bigarren tokian jarriko luke horrek Roosevelt-Truman tandema. Masak hiltzeko armen produkzioa kontuan hartuko bagenu, lidergo eztabaidaezina leukakete.

Mende erdi luzean, Hiroshima eta Nagasakiko onddo nuklearrak izan dira gerra batek eragin dezakeen desastre handienaren sinboloak lurtarren iruditeria kolektiboan; zientziaren eta armagintzaren arteko elkarlanak bizitza oro suntsitzeko egindako ekarpen behin betikoa. Horren aldean, txikiak ziren tokian tokiko sarraskiak. Gurea -Gernika- barne. Eta, bitartean, ezezagun genuen gure Durango, eta ezezagun genituen Alemaniako Dresden eta Japoniako Tokio.

1945eko martxoaren 9tik 10erako gauean, AEBek jaurtitako 1.665 tona napalm-bonbek 100.000 bat pertsona kiskalita hil zituzten. Aditu batzuek diote Hiroshima eta Nagasaki baino hilgarriagoa izan zela. Tokiokoa pasadan aipatzen dute “Oppenheimer” filmean, eta, guretzat ez bezala, historiako gertaera ezaguna da estatubatuarrentzat.

AEBekoen hilketa horiek badute ezaugarri bat, aipatutako besteek ez daukatena: jomuga kanpoan dute, inoiz ez etxean. Bigarren Mundu Gerran, Japoniak gerra deklaratu eta Pearl Harbourren eraso egin zien. Amerikaren (eta zibilizazioaren) defentsan bonbardatu zituzten Dresden, Tokio, Hiroshima eta Nagasaki. Ez ziren gerra-krimenak izan; gerraren bukaera ekarri zuten beharrezko ekintzak baizik. Ez dute zertan barkamenik eskatu. Oppenheimerrek berak ez bide zuen horren argi.