GARA Euskal Herriko egunkaria
TXIRRINDULARITZA

Gipuzkoako Federazioak denboraldia amaitutzat jotzea erabaki du

Agiri baten bidez, Trafikotik ezarritako arazoak eta «politikarien ezgaitasuna» salatu zuten. Gaur Oiartzunen jokatuko da azken proba. Hala, 14 proba bertan behera geratzeaz gain, Gipuzkoako txirrindulariek ezingo dute herrialdetik kanpo parte hartu.

Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren kexak ez dira atzo goizekoak. (@ARRITXU IRIBAR)

Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak 2023ari dagokion denboraldia amaitutzat eman du azkenean. Atzo plazaratu zuten agiri baten bitartez, aspalditik kexu azaltzen ziren Trafikotik lasterketak antolatzeko orduan jartzen zitzaizkien trabak salatu zituzten baina, horrez gain, «politikarien ezgaitasuna» azpimarratu zuten arazo honi irtenbiderik bilatzeko orduan ere.

Denboraldia amaitutzat emateak herrialdean lasterketarik ez dela izango esan nahi du, batetik, baina, bestetik, Gipuzkoako txirrindulariek Gipuzkoatik kanpo ez dutela lasterketetan parte hartuko ere esan nahi du. «Ondorioz, junior mutilen selekzioak Frantziara eta lehenengoz kadete-junior nesken selekzioak Portugalera egitekoak zituzten irteerak bertan behera geldituko dira», gaineratu dute.

Hala, gaur Oiartzunen jokatuko den sub 23 eta elite kategoriako lasterketa izango da, beraz, denboraldiko azkena.

«Egoera gogorra da benetan. Hamalau lasterketa geratzen ziren denboraldia bukatzeko, baina momentuan hau gelditu beharrean gaude. Horrela ezin zela jarraitu erabaki genuen guztion artean eta bertan behera geldituko zirela lasterketa guztiak, baldin eta Trafiko aldetik zein politikarien aldetik aldaketarik egon ezean honi irtenbiderik emateko», adierazi du Santi Osoro Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidenteak.

«Gipuzkoako txirrindularitza desabantailan sentitzen da Arabaren eta Bizkaiaren aurrean, egutegia arazorik gabe osatzen ari baitira», adierazi dute Federazioaren oharrean, eta egoera horren erantzule egiten ditu «oinarriko kirolak eta etorkizuneko profesionalen txirrindularitzak gogaitzen dituztenak».

BURUHAUSTEAK ASPALDITIK

Ez da atzoko kontua Gipuzkoako Federazioaren kexua. Martxoaren 10ean komunikatua atera zuten kadete eta junior mailetan denboraldia hasteko moduan legokeela esanez, nahiz eta «ordu asko eskaini behar izan zaizkion korapiloa askatzeari», adierazi zuten. Esaterako, Aiztondo Klasika bertan behera geratu zen sasoi hartan.

«Jaurlaritzako Barne Sailak eta Gipuzkoako Aldundiko kirol sailak asko lagundu dute; ezin dugu gauza bera esan Jaurlaritzako Kirol Sailari buruz», kexatu zen orduko hartan.

Ekainaren amaiera aldera, Gasteizko Legebiltzarra adostasunera iritsi zen oinarrizko txirrindularitza lasterketetan segurtasuna bermatzeko mahai bat osatzeko.

Datorren denboraldira begira, mahai bat eratzea adostu zuten Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko txirrindularitza federazioekin elkarlanean aritzeko eta adosteko zein diren klubek dituzten beharrak oinarrizko lasterketak antolatzeko orduan eta zein diren bermatu behar zaizkien baliabideak.

Besteak beste, lasterketen egutegia eta ordutegiak aztertu behar zituzten, lasterketetan segurtasuna bermatzeko neurriak zehaztu eta irizpideak ere definitu behar ziren; baita ibilbideen diseinu eta baimenei buruz eta boluntarioen beharrari eta segurtasunari buruz ere.