Inazio MURUA
ZORROZTARRIA

Untzillako gizon puska Zeledonen jaitsieran

Urtero bezala, Zeledonen jaitsiera ikustera joan nintzen herenegun Gasteizko lagun batekin. Goi hartatik jaitsi eta plaza zeharkatu ondoren, lepokoak jartzen agertu zen Zeledon jendaurrean; besteak beste, alkateari eta duela zortzi urte alkatetzatik bota zuten alderdiagatik izan ez balitz alkatea izango zenari. Hori esan nionean, lagunak kontatu zidan Gasteizko alkatearen alderdiagatik izan ez balitz udaltzainburua izango ez zen astapotro batek Lizarrako zinegotzi bati lepotik heldu ziola. Eta bozkarioarekin batera, oroitzapen mordoa jaitsi zitzaion zerutik.

Halako egunez Jon Agirre aramaioarra gogoan izaten duela esan zidan, aurten bereziki, iaz hil baitzen. Zergatik gaurko egunez? Eta Zeledonen jaitsiera xelebre baten berri eman zidan.

Duela lau hamarraldi Herrera de la Manchako kartzelan zegoen beste hainbat lagunekin batera. Hango modulu batean gasteiztar talde batek bere hiriko jaiak ospatzen zituen abuztuaren 4an. Arratsaldero zeldan ikasten geratu ohi zen bilbotar batek hari luze bat botatzen zuen bere leihotik patiora, beheko batek jaso eta patioaren beste alderaino eramaten zuen, teinkatuta, eta arratsaldeko seietan goikoak Zeledonen itxurako panpina botatzen zuen. Txistulari batek “Zeledon” biribilketa ezaguna jotzen zuen eta ondoren beste lagun batek aurreskua dantzatzen zuen panpinaren aurrean. Gero, askaritxoa egingo zuten kartzelako bazterren batean.

Denak ez ziren gasteiztarrak, baina. Arabarrak. Izan ere, Jon Agirre Elurtxurik ere parte hartzen zuen. «Hi, ni Arrasaten bizi nintzuan, baina Untzillakua nok, e?», kargu hartu omen zien lehen urtean. Hala zen, «eta santurtziarra edo barkoxtarra izanda ere, nork esango ezetz halako gizon puskari?». Hala egin izan zuten zenbait urtez, dozenaka kartzelatan sakabanatu zituzten arte.