GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Biharko Gasteizko finalera leher eginda iritsiko dira Jokin Altuna eta Martija

Intentsitate oso altuko partida irabazi zuten Amezketakoak eta Etxeberrikoak, Ezkurdia eta Zabaletaren aurka, ia 800 pilotakada jo eta gero. Binakako Txapelketako kanporaketa bat balitz bezala gogortu zen dema, eta hargatik kexu izan zen Altuna amaieran.

Esfortzuari muzinik egin gabe jokatu behar izan zuten Altunak eta Martijak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Altuna eta Martija bihar faboritoak izango dira Andre Mari Zuriaren Torneoko finalean. Baina ikusi egin behar 48 ordu baino gutxiagoko tartean zer-nola suspertzen diren, Peña eta Albisuren aurkako finala jokatzeko.

Ezkurdia eta Zabaleta baino osoago iritsi ziren partidaren amaierara irabazleak, baina gorriek ez zioten lanari bizkarrik eman, eta neurketa ahal bezain beste gogortu zuten, batik bat atzeratzea asko kostatzen zen pilota bat dantzatuz. Partidaren amaieran, nekeak jota, ezker eskutik nahikoa justu eta aurreko egunetako neurketen zama bizkarrean, Jokin Altuna kexu zen, eta ez zitzaion motiborik falta.

«Zerbait egin beharko dugu, ze martxa honetan 30 urte bete aurretik erretiratuko baikara», esan zuen Jokin Altunak, ironia zantzurik gabe.

«Ulertzekoa da 40 minutuko partidak ez nahi izatea. Jendeari asko kostatu zaizkio sarrera hauek lortzea, eta ulertzekoa da partida gogorragoak jarri nahi izatea, baina niretzat, Binakako Txapelketa baino askoz gogorragoa izaten ari da uda. Are gehiago partida bakoitzean 700 pilotakada baino gehiago jotzea tokatzen bazaigu. Badaramatzat hiruzpalau partida eskuetatik ez oso ongi, eta oraingoan oso justu amaitu dut, eta asteartean -bihar- Jon Ander Peña eta Albisu ez dira ezer oparitzeko egongo. Badakit intendenteentzat lan zaila dela, baina pilota gehiago-edo jarri beharko da eta astindu honi buelta bat eman beharko zaio», gaineratu zuen Amezketako aurrelariak.

MATERIALAREN KONTUAK

Tarteka Zabaletak Martija aurretik eraman behar zuela zirudien, hain da handia Etxarrengo atzelariaren joa! Baina Martijak oso tarteka baino ez zuen kale egin eta pilota bizitxoagoekin Zabaletari bizkarra ere erakusten zion aldizka. Izan ere, tanto asko eta asko, hasiera latz horretan, Altuna eta Martijaren alde erori ziren, aurreko koadroetan Joseba Ezkurdia oso kamuts hasi zelako.

Hala, hasieran 3-0 gorriak aurreratuagatik ere, berehalako batean buelta emateko gai izan ziren Altuna III.a eta Martija, 4-5 eta 6-8. Partida oso gogorra jokatu zuten laurek, atzelariek batik bat, eta sekulako aldea nabarmendu zen gorriek edo urdinek beren pilota ateratakoan. Urdinen pilotarekin Martija kapaz zen Zabaletari eusteko, atzeko koadroetako arerioak baino gehiago gozatzen baitzuen. Baina behin gorriek pilota aldatuz gero, orduan komeriak Etxeberrikoarentzat.

«Zortzigarren tantorako-edo pilotak erabat geratu dira», kexu zen Altuna. Hargatik, aurrean ere sekulako ahalegina egin behar izan zuen aurrelari gipuzkoarrak, nahiz eta Ezkurdiak atzo ez zuen bere egunik onena izan, lan erdietara iritsi arte tantorik ezin izan baitzuen amaitu. Hain zuzen, 6-8tik 11-8rako tarte horretan pilatu zituen Arbizukoak bere lehenengo tantoak.

AZKENERA ARTE BORROKAN

Binakako Txapelketako partida bat bailitzan jokatu zuten laurek. Hala, 11-8 gorriak iritsi arren, 11-16raino buelta eman zioten markagailuari Altunak eta Martijak. Neurketa 11na zela, 500 pilotakada jota zituzten ordurako, eta, hain zuzen, tanto horietan pasatu zuen unerik txarrena Zabaletak. Oso beteta ibili zen une horietan, eta Ezkurdiak Altunaren sake pare bati airez erantzuten hasi eta kale ere egin zuen.

Baina urdinak ere ez zeuden sobera handiarekin eta, Martijak eta Altunak egindako hutsegite banaren ondoren, pilota aldatu eta bertan ziren berriz ere Ezkurdia eta Zabaleta. Ez ziren markagailuan aurretik hartzeko gai izan, baina 14-16 hurbildu ziren, eta, aurkariak 15-19 aldendu arren, 19na berdintzea lortu zuten.

Tanto onak ikusi ziren, baina kalitatea baino garrantzitsuagoa izan zen intentsitatea, azkenera arte inork ere ez baitzuen amorerik eman. Azkenean, gainera etorritako pilota bat txapapera joan zitzaion Ezkurdiari, eta horrela eraman zuten partida Altunak eta Martijak, ia 800 pilotakada jo eta gero. Ikusi egin behar bihar nola iristen diren finalera. Egia da faboritoak izango direla, baina nekea pilatuta helduko dira, eta inork ere ez du nahi Altuna eta Martija bezalako pilotariak 30 urte bete aurretik erretiratu daitezen.