GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
Aitor Aldanondo
Harria taldeko abeslari eta gitarra jotzailea

«Disko batek sakontasunik ez badu, estilo honetan ez da berritzailea»

Urte honetan egitasmo berri andana aurkeztu du, tartean Harria proiektua, nahiz eta, kideei begira jarrita, hasiberriak ez izan. Aitor Aldanondoren proiektu pertsonaletik abiatzen da, eta diskoan jende askok parte hartu du. Dena dela, bloke nagusia Maitane Azkaratek, Ekaitz Aranbarrik eta Guille Sainzek osatzen dute, Aldanondorekin berarekin batera.

(Koldo EIZMENDI - Asier AGINACO)

 

Zure ekimenez sortu da Harria, ezta?

Bai, atzean dagoen pajeo filosofiko osoa nirea dela esan daiteke, baina lanketa denon artean egin dugu. Letra eta kantu ia guztiak nireak dira, baina denak ez. Lagun asko ibili dira diskoan bueltaka. Bergara, Iruñea…

Fiachras edota Bizardunak taldeetan ikusi zaitugu aurretik. Harria bien arteko uztarketa bat dela esan daiteke?

Bai, izan daiteke. Folk ukitu batzuk baditu, rocka ere badu pixka bat, nahiz eta aurretik zegoena folkiagoa zen akaso.

Hausnartzera eramaten gaituzten hitzak dira. «Garena» kantuarekin, esaterako, zure musikako bilakaerari buruz galdetzeko modukoa iruditu zait. Hau da, norberak atzera begirakoa egiteko aukera ematen duela abestiak.

Ni Bergaran hasi nintzen, Faktoria 77 deituriko talde batean. Segidan, Brigada Criminalen; eta horrek tiroi pixka bat eduki zuen, baina aspertu egin ginen punk-rock raka-raka horrekin. Beste gauza batzuk ezagutzen ere hasi ginen, tartean folka bera, eta gitarrarekin beste gauza batzuk egiteko aukera ematen dizu soinu aldetik.

Beti atzera begira ibiltzen naiz, musika aldetik ez dago berrikuntza handirik. Disko batek ez badu sakontasunik, mami trinkorik, hitzetan edo modu filosofikoan besterik ez bada ere, estilo honetan ezin zara berritzailea izan. Horregatik harritzen nau jende askok ingelesez abesten duenean; guk ere egin izan dugu, baina jende euskalduna ingelesez kantatzen ikustea publiko erdiak ulertu ere egiten ez duenean… ez dakit bada.

Tarte bat badela kritikarako, alegia.

Ni neure buruarekin kritikoa naiz. Ez da gurea hobea denik edo ez, baina esaten dudanak eta sortzen dudanak sakontasun bat eduki behar duela uste dut, estilo hauek oso entzunak direlako. Eta sasoi hauetan ez naiz trapa egiten hasiko. Autotuneak pixka bat saturatu nau, baina hortik badira gauza oso interesgarriak ere.

«Saturno» kantuak badu Ennio Morriconeren soinuarekin halako gertutasun bat.

Ideia, akaso bai. Country kantu azkar bat neukan buruan, baina gero polikiago geratu zen. Eta titulua beste istorio batetik dator. Niri alkimia asko gustatzen zait, eta Saturno alkimian elementu batek gorpuzteko bidean pasatzen duen lehen esfera, aurrenengo planeta da. Hortaz, diskoko lehen abestia zenez, intro bat zenez, alkimiarekin lotura hori egin nahi izan dut.

Alkimisten zerak irakurtzen ditudanean, beste mundu batera noala iruditzen zait. Alkimiaz irakurri egiten duzu edota praktikan jarri ere bai?

Laborategi txiki bat daukat, baina ez naiz alkimiako mailetara iristen. Horiek, nik daukadanarekin alderatuz, oso potenteak dira. Ni landareekin eta halakoekin ibiltzen naiz.

Musikan ere batzuetan alkimista izan behar da.

Eta bizitzan ere bai. Azkenean hitz potoloekin lotzen du, baina lurrera ekarrita ez da hain gauza berezia. Gauzak transmutatzea, aldaketak egitea eta hobekuntzak lortzea, perfekziorako bidean.

Haritz Artola ere diskoan lagun izan duzu «Hau dena bukatzen denean» abestian.

Bizi guztia daramat harekin musikan, Ataunen Unidad Alavesa sortu zuen arte. Kantu hau egin nuenean, haren ahotsa etorri zitzaidan burura.

Eta abestia sortzerakoan, zer izan zenuen buruan.

Pandemiako gauzak. Asko entzuten zen, dena bukatutakoan, gauza asko egingo genituela, pertsona hobeak izango ginela eta abar, ezta? Bada, argi geratu da ezetz, mundua noraezean doala. Pandemia garaian arraroak iruditzen zitzaizkidan gauza asko ere hor daude, gobernuek nola erabili gaituzten animalia gisa, eta abar. Hori guztia dago atzetik.

Bukatu behar den hori zer den ere zalantzan jartzeraino.

Noski, horrela da. Hau dena bukatzen denean, hilda egongo zara eta kito. Ez baita sekula bukatuko gerra hau. Badakigu non sartuta gauden. Mantra bat sortu zen pandemia garaian, eta hortik dator guztia.

Atzetik datorren «Gaua» kantuak grunge ukitu bat du, letra nostalgiko samarra… «Azido lisergikoa» aipatzen da bertan, alkimista jarriz berriz.

Hau juerga garaiko kontuetan oinarritzen da. 25 urte dituzunean, parrandak sekulako zentzua du zure bizitzan, zentzu pleno bat, eta hogeitamaluzerekin ohartzen zara ez duela zentzurik, txorrada mordo bat esaten pasatzen duzula gaua, hurrengo egunean sekulako biharamunarekin egoteko. Eta oraindik ere egiten dugu, eta pozik, eta maite dut gaua, baina azkenean gaua kartzela bat bihurtu zen garai haietan, eta guk sortzen ditugu kartzela horiek. Munduko gauzarik onena dela uste duzu eta askatasunaren izenean kartzela bat sortzen zabiltza zure buruari. Gero elektronika pixka bat sartzea nahi izan nuen, Primal Scream eta hauen kutsua izan zezan. Eneko Balzategik sartu zuen hori eta pare-parean asmatu zuen. Gustu handia duela esango nuke. Oinarriak oso sinpleak dira gainontzean abesti honetan, nik grabatuak. Adolfo Alcocerrek gitarrak sartu zituen eta beste dimentsio bat eman zion kantuari.

Aipatutakoaz gainera, punk-rock pixka bat ere badu… Gauaren sintesi sonoro bat bezala ulertu behar da kantua?

Bada, ideia hori zen pixka bat. Ez diskotekerora hurbiltzea, baina bai dantzagarria izatea.

 

Hadesen atea ere aipatzen da kantuan; infernuko atea, alegia.

Noski, azkenean juergan ibili garenok badakigu gauzak ez direla ondo bukatzen. Juerga asko egiten duzunean, bukaeran arazoak sortzen dira, tontakeria asko egiten dira, burua joaten hasten zaizu, egin duzuna ez gogoratzea… Eta hori da Hadeseko atea. Eta jende asko ez da ateratzen hortik. Denok dauzkagu lagunak kartzela horretan kateatuta geratu direnak, eta drogekin arazoak dituztenak. Zulo beltz hori gertutik ikusten duzunean, hobe Hadesen ate aurrean geratzea eta ez gurutzatzea. Hor dago kantu honen funtsa.

Kantuak sortzerakoan zuk eramaten duzu lehen ideia eta gero gainerakoa lantzen zoazte, edo buruan nahiko argi izaten duzu abesti bakoitzak zer behar duen?

Kantu batzuetan bai eta beste batzuetan ez. Estudiora nahiko zabalik joan nahi genuen, dena oso itxita eraman gabe. Abesti honen kasuan oso argi neukan dena, baina Fredi Pelaezek ekoizpen lana egitea nahi nuen, bere eskua asko gustatzen zaidalako. Produkzio klasikoa, ez orain egiten diren modukoak.

Lehen Ameriketan diskoak ekoitzi egiten ziren, eta ekoizle bakoitzak bere bidera eramaten zituen kantuak; hemen, nik grabatu izan dudanetan, ez da ohikoena. Estudioan grabatu egiten da, eta kito; ez da esku bat egoten kantuak bideratzeko.

Fredik, beraz, eskua sartu du.

Bai, bai, asko gainera. Bide horiek aukeratzen zituena bera zen. Pottoko estudioa zerbaitegatik aukeratu genuen, konfiantza handia dut Fredirengan eta diskoa egin aurretik beldur asko nituen nire baitan. Disko hau egin arte ez naiz ahots nagusia izan eta Fredirekin konfiantza badudanez, horregatik joan nintzen hara, ezin izango nintzatekeen beste toki batean aritu.

Eta egurra ematen zizun edo ez?

Bueno, bastante ondo. Fredik beti ematen du egur pixka bat.

Soka sekzio oso indartsua du «Hil edo bizi» kantuak. Bururatzea soilik, sekulakoa iruditzen zait. Nola hasten zarete elkarketa hau osatzen?

Hau balada bat zen hasiera batean. Fredirekin kantuak diskorako antolatzen hasi ginenean, soka sekzioarena etorri zitzaigun burura, diskoan denetarik dagoelako, baina hori ez. Horrela hasi ginen, Bergarako Orkestrarekin harremanetan jarri nintzen eta, baiezkoa jaso ostean, Seminarixoan denek elkarrekin grabatzea nahi nuen. Baina datak-eta badakizu zer izaten diren, eta ideia hori bere horretan ezin izan zen gauzatu. Hortaz, haietako batzuk Frediren estudiora etorri ziren, eta biolinak, biolak eta biolontxeloak atalka grabatu genituen. Konponketa Fredik idatzi zuen.

Zuzeneko gutxi dituzuela esan duzu.

Lehendabiziko biak eta gero, Ekinez Jaialdian ere aritu ginen. Azkoitiko Matadeixen, Igorreko gaztetxean Unidad Alavesaren bira amaieran, Bilboko Nave 9n, Oñatiko gaztelekuan… Baina denboraz ere ez gabiltza sobera; Maitane eta biok bikotea gara, ume txiki bat badugu, eta kontzertuetara joateko beti norbaitekin utzi behar da umea. Hala ere, abuztuaren 15ean Deban izango gara, eta gero gerokoak.