Fito RODRIGUEZ
Idazlea
KOLABORAZIOA

Tlön, Uqbar, Orbis Tertius

Jorge Luis Borgesek idatzitako ipuin baten izenburua da, non kosmosaren irudikapen totalizatzaile kritikoa eskaintzen zaigun, ikerketa pertsonaletan oinarriturik.

Duela egun batzuk, Estatuko egunkari batek albiste bat eman zigun, eta haren iruzkinak, nire esperientzia pertsonaletik abiatuta, totalizatzailea izan nahi bazuen ere, oso bestelako irakurketak egiteko aukera ematen zuen.

Nasro Abukar Ali, Somaliako ordezkariak, 100 metroetako helmuga zeharkatzeko behar izan zuen denbora kontatzen zigun albisteak, hau da, azken-aurreko lasterkariarena baino 8 segundo gehiago eta irabazlearena baino 10 segundo gehiago behar izan zuela burutzeko. «Korrikalaria» Txinako Unibertsitate Kirolen Nazioarteko Federazioaren Udako Munduko Joko Unibertsitarioetan lehiatzen erakusten zuten. Haren inguruko atleta profesionalak 12 segundoren bueltan zeuden bitartean, Ali mantso zihoala ikus daiteke.

CNNko kazetari batek lehiaketaren grabazio bat partekatu zuen asteazken honetan, Twitter bidez, gaztearen emanaldiari buruzko iruzkin barregarriekin: «Somalia defendatzen korrika egitea edonori uzten diote», zioen. Historiako karrerarik geldoena zela esan zuen eldiariok.es-ek.

Honaino azken egun hauetako «berria» eta «iritzia».

Hemendik aurrera nire iruzkina eta haren ondorioak.

Stockholmeko maratoian, XX. mendearen hasieran, Shizo Kanaguri japoniarra, hain nekaturik zegoenez hogeita hamar kilometroko korrikaldia egin ondoren, atseden bat hartzearren, bideko etxe batean sartu eta lotan geratu zen hurrengo egunera arte. Inori ezer esan gabe (ez antolatzaileei, ez bere herriko ordezkaritzari...), etxerako bidea hartu zuen. Behinola erretreta hartu ondoren, berrogeita hamabost urte geroago, hirurogeita hamasei urte zituela, Stockholmera itzuli zen, 1912ko maratoian lasterketa utzitako toki berera joan eta, handik abiatuta, bukatu egin zuen. Kanagurik berrogeita hamalau urte, zortzi hilabete, hogeita hamabi minutu, hogei segundo eta hiru hamarreneko behar izan zituen bere maratoia bukatzeko. Horixe nire «aipamena». Dudarik gabe goian aipatu Nasro Abukar Alik burututako lasterketa baino askoz luzeago izan zen. Somaliarrak 100 metrokoa egin zuen, egia da, eta japoniarrak maratoia, baina, bi motatako kirol praktikak alderatzerik ez badago ere, Kanagurik egindako balentria bestea baino nabarmenagoa dela uste dut nik.

Munduko maratoi kopa ospatu zen Donostian 1993an. Tradizioari jarraiki, atleta herrikoiei eta selekzio nazionalei proba berean batera lehiatzeko aukera eman zitzaien azken lehiaketa izan zen hura, diskriminaziorik gabeko azken hondarra. Bertan, Federazioak eta udalak ikurrinaren presentzia baztertu zuten, baina atleta herrikoiek, tartean neronek, ikurrin itsaskorrak banatu genituen korrikalarien artean, «independentzia» leloarekin. Egia esan, parte hartzaileek eta jendeak asko txalotu zituzten debekatutako banderak, boikot ofiziala gorabehera.

Esan bezala, data horretatik aurrera, ehun urtetik gorako tradizioa hautsiz, maratoiko munduko kopan selekzio nazionalak bakarrik onartzen dira.

Ez dut onartzen, bada, inongo atletez trufa egitea, ez eta, gutxiago, balizko broma haiek zabaltzea ere. Ez dut uste lehiaketetan parte hartzaileak «nazioen» arabera aukeratu behar direnik.

«Tlön, Uqbar, Orbis Tertius» izeneko ipuinean nola, gure munduan beste munduak ere badaudela uste duenetakoa nauzue.