Imanol CARRILLO
PILOTA

Peña-Albisuk «low battery» egoeran utzi dituzte Altuna-Martija, Gasteizen

Baikoko bikoteak Andre Maria Zuriaren txapelketa eraman zuen, freskotasuna falta zitzaion Aspeko bikotearen aurka irabazita. Tanto ederrak baina aldi berean oso gogorrak ikusi ahal izan ziren Ogetan. Jon Ander Peña izendatu zuten pilotaririk onena.

Jon Andertarrak, Albisu eta Peña, pozarren, Gasteizko finalean leher eginda amaitu zuten Altuna-Martijaren aurrean.
Jon Andertarrak, Albisu eta Peña, pozarren, Gasteizko finalean leher eginda amaitu zuten Altuna-Martijaren aurrean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Andre Maria Zuriaren txapelketak baditu txapeldun berriak. Jon Andertarrek, Peñak eta Albisuk alegia, garaikurra eraman zuten etxera, final gogor eta luze batean bateria hutsean geratu zitzaien Jokin Altuna eta Julen Martijari 19-22 irabazita. Aspeko bikoteak biziraute lan handia egin zuen atzo. Gogoratu behar da Altunak berak, igandeko neurketa amaitu ondoren, onartu zuela freskotasun falta nabaritzen hasia zela. Eta finalean nabarmena izan zen faktore hau.

Egia da Amezketako “magoak” gutxi behar duela min egiteko. Aurrelariak inork baino hobeto daki denborak markatzen, eta atzo ere ondo baliatu zuen ezaugarri hori; baina 16-17koan, partidako tantorik ikusgarrienean, aldageletara joan behar izan zuen, eskuan zeukan mina medikuak ikus zezan. Horri freskotasun falta gehitu behar zaio. Izan ere, Aspekoek partida oso gogorrak jokatu dituzte Gasteizko jaietan, eta azkenean garesti ordaindu zuten.

Hasteko, urdinak 0-4 aurreratu ziren, artean Martija partidan ondo sartu ez zela aprobetxatuta. Atzelariak ez zuen nahi zuen kolpea topatzen eta pilota nahiko errazak uzten zizkion Peñari aurreko koadroetan. Albisuk, bestalde, ondo kontrolatuta zituen atzeko koadroak. Nolanahi ere, gorriz jantzitakoek markagailuari buelta ematea lortu zuten. Beraien tantoengatik baino, aurkarien hutsengatik lortu zuten 7-5 eta 9-6 ipintzea.

PARTIDA GOGORTZEN

Bazirudien Aspekoek zailena eginda zutela; are gehiago, nekearen faktorea airean egonda. Baina urdinak erasoan asmatzen hasi ziren. Aipatzekoa da 9-8koa, tanto ederra benetan. Altunak txokora moztutako pilota bati erantzun bikaina eman zion Peñak, txokoan goxo utzita. Baikoko bikoteak, gainera, 9-12 aurreratzea erdietsi zuen.

Lehen atseden luzearen ondoren, Altunak berriro markatu zituen denborak. Atzetik pilota eskatuz oihuka zetorren Martijari jaramonik ez egin eta txokoan egindako ezker dejada dotore batekin 11-12koa ipini zuen amezketarrak. Bere huts batek aldeak mantendu zituen markagailuan (11-13).

Hala ere, amezketarrak sakez asmatu egin zuen, bi tanto lehen kolpearekin eginda, 14-13 aurretik ipintzeko. Bazirudien gorrien bateriak oraindik iraun zezakeela. Baina finala gogortu egin zen. Jokin Altunaren bi pareta ikusgarrien eta Albisuren hutsaren ostean (16-16), partidako tantorik ikusgarriena iritsi zen. Bi aurrelariak saiatu ziren tantoa egiten, ahal zuten guztiarekin defendatuz ere, baina Albisu izan zen zabalean dejada batekin tantoa bukatu zuena. Gorrientzat tanto oso neketsua izan zen eta, nahiz eta Altuna arazorik gabe bueltatu zen kantxara eta 19-19 jartzea lortu zuten, Jon Ander Peñak inork baino hobeto asmatu zuen neurketako unerik garrantzitsuenean.

Baikoko aurrelariak hiru tanto jarraian egin zituen, horietako bat ezker gantxo zital batez, berari eta bere izenkideari Gasteizko jaietan merezitako garaipena emateko.