R.S.
DONOSTIA

EAJk ERCren joan-etorriak baliatu ditu EH Bilduren aurka egiteko

Aitor Esteban (EAJ) eta Gabriel Rufian (ERC), Madrilgo Kongresuan.
Aitor Esteban (EAJ) eta Gabriel Rufian (ERC), Madrilgo Kongresuan. (J. DANAE | FOKU)

Diputatuen Kongresuan negoziatu eta onartu zuen Etxebizitza Legeari buruz ERCk Katalunian emandako atzerapausoa erabili zuen atzo EAJk EH Bilduri eraso egiten saiatzeko. Etxe edukitzaile handien interesak defendatzea leporatu zien ezker subiranistak, legearen aurkako helegitea aurkezteagatik, eta orain jeltzaleak «irainduta» sentitzen direla diote.

Egia esan, Katalunian irailaren 1era arte ez da egoera argituko, baina Junts alderdiak Generalitateko Consell de Garanties Estatutaries organismoari eskatutako txosten batek berritasunak ekarri zituen atzo. Txosten horretan, Estatuko arauak balizko eskumen-inbasioak egin ditzakeela adierazten da, eta, beraz, Auzitegi Konstituzionalean errekurtsoa aurkezteko aukera zabaltzen zaio, Lakuako Gobernuak EAJren bultzada bakarrarekin (PSErik gabe, jakina) egin bezala.

Txosten horren ondorioz, eta Juntsekin duen harreman konplexuaren testuingurua ahaztu gabe, ERCk errekurtso hori aurkezteko aukerari ondo irizten dio orain, kontraesan nabarmena bada ere. Izan ere, errepublikanoen bultzada erabakigarria izan zen Estatuko Gorteetan lege berri hau aprobatzeko orduan.

KONTRAERASOA

ERCren ziaboga hau baliatu du EAJk berehala, EH Bilduri jelkideen eta Lakuako Gobernuaren jarrerei egindako kritikak aurpegiratzeko. Unai Urruzuno bozeramaileak Auzitegi Konstituzionaleko helegite hori etxebizitza edukitzaile handien interesen defentsarekin lotu izana leporatu zuten, eta «irainduta» sentitzen direla adierazi zuten. Koldo Mediavillaren hitzetan, alderdi jelkidea «funts putreen lagun» dela esatea jelkideak iraintzea da.

EAJk ez du itxaron Katalunian azkenean zer gertatzen den ikusi arte, eta ez du azaldu ERCk bere jarrera aldaketan adierazitako ñabardura garrantzitsua: «Eduki sozialak» dituzten legearen artikuluen kontrako errekurtsorik ez du jarriko. Lakuak ez zuen horrelakorik zehaztu uztailean, bere helegitea iragarri zuenean, eta atzo ez zuten aipatu.

Bien bitartean, Etxebizitza Legea aplikatzen hasi dira zenbait lekutan, tentsiopeko eremuen izendapenen bidez, alokairuen igoerari aurre egiteko. Katalunian ere aplikatzen hasiak dira, esperientzia bazuten-eta. Izan ere, Konstituzionalak bertako legea baliogabetu zuen, Estatuaren eskumenen inbasioa aitzakia.

Gipuzkoan, biztanle askoko hainbat udalek (Donostia, Errenteria, Eibar, Irun) Lakuari eskatu diote dagoeneko legea erabil dezan, EAJren abstentzioarekin.