GARA Euskal Herriko egunkaria

Lahainako hondamendiari neurria hartu ezinik, hildako kopurua gorantz doa

Hawaii albisterik okerrenerako prestatzen ari da, egunik egun Mauiko txikizioaren hildako kopuruak gora egin ahala: ziurrenera, ehunka pertsonak galdu dute bizia. Horrekin batera, polinesiar nazio honen hiriburu izandakoaren ondarerik garrantzitsuenetako asko ere kiskali ditu suak.

Erretako etxebizitzak eta eraikinak, Lahainan. (Yuki IWAMURA | AFP)

Larunbat gauerako ehunera hurbiltzen ari ziren Lahainan aurkitutako gorpuak; beste mila bat lagunen berririk ez dela kontuan izanda, agintarien mezuak biztanleria ehunka biktimaren kopururako prestatzen ari direla dirudi.

Hawaiiko leku historikorik garrantzitsuenetakoa eta Mauiko gunerik bisitatuenetakoa erabat kiskali da; milaka pertsona etxerik gabe daude (eta horietako asko identifikazioen beldur, inguruko hotel garestietan eta turismo enpresetan filipinar eta mexikar asko ari baitira lanean), eta turismora bideratutako eredu bati buruzko galdera eta kritika ugari piztu dira.

Tsunamiei eta bestelako arriskuei aurre egiteko 80 sirena dituen eta Gipuzkoa baino pixka bat txikiagoa den Maui uhartean, baina, suteen aurrean ez zen alarma sirenarik piztu. Telefonoetara mezuak bidali zituztenerako, mugikorren sarea erorita zegoen Lahainan.

Hala, askok sutearen erdian bertan ikusi zuten beren burua, beste inora joan ezin eta itsasora jo behar izan zuten, eta lehorretik hur ere ez zeuden arriskutik erabat salbu, suak autoak erre ahala lehertzen hasi baitziren.

“The Washington Post”-ek zabaldu duenez, Hawaiian Electric konpainiak ez zeukan Kalifornian eta beste estatu batzuetan egon ohi direnak bezalako planik, haizete arriskutsuen aurrean argindar lineak indargabetzeko.

KOLONIALISMOAREN ONDORIO

Ipar Amerikako baso handietan eta eskualde lehorretan ez bezala, Hawaii Polinesia tropikalean dago. Horregatik, hawaiiarrak salatzen ari dira gertatutakoa ez dela hondamendi naturala izan.

«Lukurreria kolonialak padurak eraldatu zituen. Ura desbideratu zuten azukre plantazioetarako, eta horrez gainera, nekazaritza ekoizpenetik ganadua haztera aldatu zuten lurraren erabilera. Azukrearen baroiek XIX. eta XX. mendeetan landatu zituzten landare inbaditzaile horiek napalmak bezala egin zuten eztanda haizete handiekin», adierazi du Uahikea Maile politika indigenetako irakasle eta independentista hawaiiarrak.

Clay Trauernicht Hawaiiko unibertsitateko irakasle eta sute tropikalen inguruko adituak dio aspaldi ari zirela ohartarazten nekazaritzaren amaierak eta landare arrotzak ugaltzeak, aldaketa klimatikoak oro har eragindako muturreko fenomeno berriekin batera, arrisku handia zekartela.

Hildako kopurua dela-eta gainerako galerak erlatibizatzea normala izan arren, Lahainako txikizioa sekulako hondamendia da hawaiiar nazioarentzat ere.

Duela bi mende artxipelagoko uharteak elkartu zituen erresumaren lehen hiriburua izan zen, eta horren aurretik ere artxipelagoko gunerik sakratuenetakoa izan zen.

«Lahainak historikoki gune kultural oso esanguratsuak ditu, baita gure arbasoen ondarerik sakratuena ere», dio Carmen Lindsay Hawaiiar Gaietako Bulegoko arduradunak: errege familiaren egoitza izan zela gogorarazi du.

Moku’ula irla txikia zegoen garai hartan urmael baten erdian. Kihawahine jainkosa boteretsuaren etxe izandakoan eraiki zuen Kamehameha erregeak jauregia. Balea arrantza amaitu zenean, AEBetako azukre industriako kapitalistek hartu zituzten lursailak, horretarako ura desbideratu eta urmaela bera lehortuta.

«Kolonialismoaren ondorioz, gaur egun beisbol zelai bat eta tenis pistak daude behinolako leku zoragarri horretan; urteak daramatzagu lanean gunea lehengoratzeko», dio Na ‘Aikane o Maui elkarteko Noelani Ahia arduradunak.

Haien elkartearen egoitzan, hainbat tailer egiteaz gain, bilduma itzela zeukaten: «Dokumentu historikoak, arte lanak eta bestelako tresneria, mapa zaharrak, balio handiko tresnak... Dena galdu da».

HAWAIIERAREN BERPIZKUNDEA

80ko hamarkadan hilzorian zen hawaiieraren berpizkunderako, berebiziko garrantzia dauka Punana Leo hawaiierazko ikastolen sareak. Ikasgai guztiak polinesiar hizkuntza horretan ematen dituzte, eta apirilean ospatu zuten lehen ikastetxea sortu zuteneko 40. urteurrena.

Egun, hamahiru ikastetxe dituzte artxipelagoko bost uhartetan; horietako hiru, Mauin. Lahaina-koa zen berrienetakoa, 2016an ireki baitzuten Waiola elizaren egoitzan. Joan den asteartean, erabat kiskali zen hawaiiera biziberritzeko giltzarri -eta AEBetako herri indigena askoren eredu- izan den sareko haur eskola.

«Behar dugunaren baloraziorako ziurgabetasun handia dago oraindik, baina argi dakigun gauza bakarra da Punana Leo o Lahaina-ko gure familiek eta langileek guztion laguntza beharko dutela», jakinarazi du diru bilketarako deia egin duen ohar batean Punana Leo ikastolen sareak.