14 AGO. 2023 ARRAUNA Zierbenak pil-pilean utzi du Liga eta Donostiarrak kanoikada ederra bota du Azken luze ikusgarria eginda, bizkaitarrek hobetu zuten bigarren txandan etxeko Cabok egindako denbora, Galiziako asteburua biribildu eta lehen hiru sailkatuen artean lau puntuko aldea utzita. Donostiarrak aurtengo hirugarren bandera lortu zuen. Zierbena, asteburuko protagonista nabarmena, eta Donostiarra, atzo Boiron. (EUSKO LABEL LIGA) Imanol CARRILLO Pil-pilean egindako bakailaoa euskal sukaldaritzako plater tipikoa da, baina badirudi Galiziak ere beretzat hartu nahi duela eta Moaña eta Boiron egindako estropadek Eusko Label eta Euskotren ligak pil-pilean utzi ditu. Gizonezkoen Ligan, lehen hiru sailkatuek lau puntuko aldea besterik ez duten bitartean, emakumezkoenean Arraun Lagunak liderraren eta Orioren artean sei puntuko aldea dago, horientzat bi estropada eta bandera bat falta diren momentuan. Galizia Zierbenaren lurraldea da. Argi eta garbi. Aurten bertan egindako hiru estropadetan -asteburuan Moañan eta Boiron, eta Ligako lehen asteburukoa, Coruñan- irabazi dute bizkaitarrek. Atzo eguerdian lorturikoak, gainera, saltsa ikaragarria ematen dio Ligako sailkapen nagusiari datorren asteburuan Zarautzen lehiatu aurretik. Atzoko bandera emozioz beterik egon zen azken unera arte. Bigarren txandan Cabok egindako denbora erreferentziatzat zuten ohorezko mailakoek. Estropada eremuaren arabera, joaneko luzean inork ezin zituen Oriok eta Cabok egindako denborak hobetu, baina bai itzuleretan. Hori bai, azken luzera arte itxaron behar izan zen garailea erabakitzeko. Zierbenak oso maila onean dabilela erakutsi zuen eta, pixkanaka, Caborekiko hamar segundoko aldea jaisten joan zen, hiru segundo baino gutxiagorekin irabazita. Cabok, nahiz eta azkenean ez irabazi, harro egoteko moduko estropada egin zuen. Eta ez da Orio ahaztu behar, hirugarren izan baitzen eta bere txandako lehen hiru laurdenetan lider egon baitzen. Baina azken ziabogan Cabok estropada eremua bikain ezagutzen duela erakutsi, lidergoa eskuratu eta txanda irabazi zuen. Lehen txandan gauzak errepikatu egin ziren. Izan ere, Santurtzik estropadako lehen hiru laurdenak dominatu zituen, ondoren Ondarroak aurre hartzeko eta txanda irabazteko. Kaikuk lan ona egin zuen eta estropadako bosgarren postua lortu zuen; Lekittarra, aldiz, 11. izan zen eta sailkapen nagusian zortzigarren postuan egonkortu da. DONOSTIARRAREN KANOIKADA Donostiarrak, Aste Nagusia bikain ospatzeko, hirugarren bandera lortu zuen atzo Boiron. Eta nola gainera! Sailkapen nagusiko hirugarren sailkatuak -gogoratu behar da estropada bat jokatu gabe geratu zela- berriro ere erakutsi zuen edozein unetan irabazteko prest dagoela. Nerea Perez patroiaren ontziak ez zuen aurkaririk izan. Arraun Lagunakek, bestalde, salbatu egin du asteburua eta, arraroa bada ere, banderarik irabazi gabe. Bietan bigarren izan da, baina sei puntuko aldea mantenduko du Oriorekin. EUSKO LABELGizonezkoen maila nagusia Zarautzera abiatuko da datorren asteburuan, bertan bi jardunaldietan -larunbata eta igandea- erabakiko den bandera lehiatzera. Ondoren, beste lau estropada geratuko dira Liga amaitzeko. EUSKOTRENEmakumeak Zarautzen lehiatuko dira datorren larunbat eta igandean, baina horien kasuan, azken estropadak izango dira Kontxako Bandera aurretik; ondoren, irailaren 16 eta 17an play-offak jokatuko dira Bermeon eta Portugaleten.