Jon GARMENDIA
Idazlea

Belusaz jantzia

Oloroe-Donamariako barrutian, Kakuetako ur jauzia entzuten duela, haitz ebakien gainetik betiere, emakume zahar bat lasai bizi da udako eguzki epelaren azpian. Ez zaio haraneko pasagunea interesatzen, badaki labarreko zirrikitu sakonak jendetza pilatzen duela uda oro, arroilaren sona haranetik landa eraman dutelako turismoari beha bizi direnek. Lore eta mendi artean aurkitzen du bere zoriontasuna.

Joandako urteen lekuko da bere aurpegi zimurtua, baina bere begiak gaztetasunez beteta daude. Naturaz inguratuta harmonian sentitzen da, bortuko sinfoniarik ederrena belarriratuz, isiltasuna baino entzuten ez den tenorean. Soro gainean poliki-poliki ibiltzen da, oinutsik beti, kanela eta txokolate esentziaz sorginduta. Loreen edertasun hauskorrean aurkitzen du bizitzaren metafora, belusezko altxorrak ikusten ditu haietan. Petalo bakoitza, kolore eta usain bakoitza, emozio bat esnatzen da bere baitan, tristura ere bai, baina gozoa. Bideetan galtzen da, pentsamenduetan, eta oroitzapen une horietan, txoriengandik hurbilago sentitzen da.

Ez du oroitzen noiz bilakatu zen mendiko biztanle, baina ez du beste bizimodurik amets. Bakardadea urre preziatu bat bezala dastatu du, damurik gabeko maitasuna. Eta arratsaldeak gailurrak lanbrotzen dituenean bere bizileku xumera erretiratzen da, lasai, isiltasunean. Han, zeruko izarrei begiratzen die, han darama betiko bakeak lotara. Pirinioetan, loreen eta maitasunaren artean.