Imanol CARRILLO
PILOTA

Erik Jakaren joko elektrikoak bikote gorriaren zirkuitu laburra ekidin du

Jaka eta Martijak oso lan txukuna egin zuten Bastidan, CaixaBank Masterseko hirugarren jardunaldian lehenengo garaipena lortzeko eta txapelketan oraindik ere aukerekin jarraitzeko. Larrazabal-Zabaleta ezinean aritu ziren atzo.

Erik Jakak partidaren zama eraman zuen Bastidan eta Larrazabal ezinean ibili zen momentu askotan.
Erik Jakak partidaren zama eraman zuen Bastidan eta Larrazabal ezinean ibili zen momentu askotan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Jaka-Martija bikoteak garaipena behar zuen nahitaez atzo Bastidan CaixaBank Mastersen bizirik jarraitzeko eta aukera guztiak, edo ia guztiak, ez baztertzeko. Eta hirugarren jardunaldian iritsi zen lehen puntua, ezinean ibili ziren Larrazabal-Zabaletaren aurka oso partida txukuna eta serioa eginda. Erik Jakak betiko joko elektrikoa baliatu zuen aurreko koadroetan min egiteko eta Julen Martijak oso ondo dominatu zituen atzeko koadroak nahiz eta aurrean Jose Javier Zabaleta bezalako jotzailea izan zuen.

Atzo urdinez jantzitako bikoteak garaipen bakarra du sailkapenean eta beste puntu bat lortzea oso garrantzitsua zen beretzat, baina aurkariak baino gutxiago izan ziren eta lan egin beharko dute play-offetan aurrera egiteko.

Egoerak behartuta, Jakak eraman zuen partidako zama osoa. Indar eta abiadura zitala eman zion jokoari eta Iker Larrazabal jokoan sartu ezinik aritu zen gehienbat neurketaren lehen zatian. Atzean, gainera, Martijak bizkarraren atzean mantendu zuen Zabaleta, atzo bere maila onenetik urrun. Esku batekin konta daitezke Etxarrengo atzelariak atzean emandako kolpeak -Martijak oso defentsa ona egin zuela ere aipatu behar da-, eta nafarra bere kolpe handienarekin ez badago, oso zaila izaten dute aurrelariek tantoetan min egitea.

Hasiera nahiko parekatua izan zen, baina kasualitatea izan zitekeen arren, lehenengo zortzi tantoak gorriek egin edo galdutakoak izan ziren (5-3). Hasieratik ikusi zen Jakak txapatik gertu nahi zituela pilotak, Larrazabal altxatu ezinik ibiltzeko.

Urdinek aukera izan zuten momentu askotan neurketa berdintzeko, baina ez zituzten aukera garbiak aprobetxatu eta gorriak, pixkanaka, tartea handitzen joan ziren.

TANTO KURIOSOA

9-8tik 14-8ra igaro ziren gorriak. Hain zuzen ere, 9-8ko horretan urdinak oso ondo aritu ziren. Zabaletak asmatu egin zuen atzean, tartea zabalduta, eta Larrazabalek bikain amaitu zuen tantoa txokoan boleaz.

Gorriek 14-8ra alde egin zuten eta tanto kuriosoa gertatu zen 14-9koan. Jakak oso ondo defendatu zuen, baina Larrazabalek txokoan dejada egin, Martijak bere burua lurrera bota zuen erantzuteko, Zabaleta ere iritsi zen eta beste dejada batekin lurrean zen atzelari gorriaren gorputzean jo zuen pilotak: tantoa urdinentzat zen.

Lehen atseden luzea iritsi baino lehen, Larrazabalek gehiago asmatu zuen errematean, eta bi tanto eder egin zituen 16-11, 16-12 eta 17-13koa egiteko. Ezker airea txokoan, ezker gantxo zitala zabalean eta beste ezker aire bat txokoan, Jaka engainatuz, eta horrek esperantza eman zien.

Baina hor amaitu ziren urdinen aukera guztiak. Zabaletak, arraroa bada ere, neurketako bigarren hutsa egin zuen pilota txapara bidalita eta Erik Jakak beste lau tanto egin zituen jarraian bere erakustaldia handitu eta biribiltzeko.

LAUGARREN JARDUNALDIA

Larrazabal-Zabaletak CaixaBank Masterseko laugarren jardunaldiari hasiera emango diote hilaren 17an, Tafallako pilotalekuan. Bertan play-offetan egoteko aukera ugari dituzten Peña II.a-Rezusta izango dituzte aurkari.

Hurrengo egunean, Altsasuko Burunda pilotalekuan, Jaka-Martijaren txanda izango da. Horiek bihar Azkoitian hirugarren jardunaldia jokatu beharko duten Ezkurdia-Mariezkurrena II.aren aurka aritu beharko dute.

Laugarren jardunaldiko hirugarren partida Zarautzen jokatuko dute, hilaren 20an, oraindik ere garaipenik ez duten Elordi-Albisu bikoteak eta Altuna III.a-Imazek.