GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Sanpedrotarrak KAE 1 ligako sailkapen nagusia erabat estutu du Castron gailenduta

«Libia» traineruak garaipen ederra erdietsi du eta sailkapen nagusiko lider den Lapurdirengandik bi puntura jarri da, bi estropaden faltan.

Sanpedrotarrako eskifaia Castroko garaipena ospatzen, bandera eta guzti. (@SANPEDROTARRAAE)

Bizi-bizi dago KAE1 liga, denboraldi erregularra bukatzeko bi estropaden faltan. Sanpedrotarrak gatza eta piperra jarri ditu sailkapenaren goialdean, azken bi banderak irabazita, Lapurdi liderrarengandik bi puntura jarri baita. Castron lehiatu ziren atzo eta ehuneko gutxi batzuengatik bada ere, Joseba Fernandezek entrenatutako traineruaren aurretik bukatu zuen “Libiak”, urrezko garaipena erdietsita.

Liga nork irabaziko azken unean erabakiko dela dirudien arren, gero eta argiago geratu zen biek ala biek jokatuko dutela goi-mailara igotzeko play-off-a, Arkote, hirugarren sailkatua, bost puntura baitago. Plentziako ontziak, hain zuzen ere, zoragarri hasi zuen Castroko estropada, ohorezko txandan azkarrena izanda eta arerioei traineru bat baino gehiagoko distantzia aterata.

Bigarren luzerako, Lapurdik aldeak murriztu zituen -segundo bakarrera jarri zen- eta bigarren ziaboga hartu bezain laster, estropadaren buruan jarri, eta tartea zabaltzen hasi zen. Hala eta guztiz ere, Sanpedrotarrak indarrak ondo gordeta zituen azken luzerako, eta emozio handiko lehia eskaini zuten lapurtarrek zein pasaitarrek. Azkenean, “Libia” ontziarentzat izan da garaipen preziatua.

Jaitsierari dagokionez, Casto zuzenean jaitsiko da KAE2 ligara eta jaitsiera fasea jokatuko duen trainerua Busturialdea eta Deustoren artean erabakiko da.

SANPEDROTARRAREN BOSGARREN BANDERA

LI. Castroko Hiria Bandera astindu du Asier Carballedak entrenatutako eskifaiak, denboraldiko bosgarrena. Azken biak jarraian irabazi ditu eta Lapurdiren nagusitasuna -nahiz eta igo berria izan, sendo aritu da- zalantzan jartzen hasi da.

Denboraldi hasiera ere oso paretsua izan zen. “Libiak”, baina, Zumaian denbora eta puntuak galdu zituen, eta Lapurdik olatua bete-betean harrapatu zuen. Ordutik, Joseba Fernandezenek hiru bandera astindu zituzten eta hutsak minimizatzen jakin badute ere -garaipenik lortu ez duenean, arerio zuzenekin parez pare aritu da-, San Pedrok, poliki-poliki, amore eman gabe, tartea jan dio; ez guztiz, baina: bi puntuko aldea dauka Larrun Kosta Arraunketa Klubak.

Balizko berdinketa batean -San Pedro Lapurdiren aurretik geratuko balitz Zarautzen eta Bilbon-, “Libiak” bere alde dauka Lapurdik baino bandera bat gehiago eskuratu izana.