Kepa KORTA
Irakasle eta ikertzailea
JOPUNTUA

Kolonizatuen botoa

AEBetako presidentetzarako bozen bueltan inoiz txantxa egingo zenuten, han gertatzen denaren biktima izanik, guk ere botoa emateko eskubidea izan behar genukeela. Berehala botako zizuen baten batek onartu beharreko egia biribila ere: estatubatuar ez garenon interesei dagokienez, alde gutxi egon ohi da hautagai baten eta bestearen artean. Presidente demokrata zein errepublikano, ezer gutxi aldatzen da AEBen atzerri politikan. Galdetu, bestela, kubatarrei Trumpen politikatik Bidenenera ezer aldatu den. Palestinan ere Israelgo estatuak aplikatzen duen apartheid politika sustatu besterik ez zuen egin Trumpek, eta Bidenek ez du hori zuzentzeko asmorik adierazi.

Estatu indartsuek atzerri politika koherente eta iraunkorra izateak ez gintuzke harritu behar. Atenasko demokrazian ere asanbladaren erabaki ahalmenetik kanpo zegoen gerraren kudeaketa, eta finantza publikoena. Gaur egun estatu demokratiko burges, autoritario nahiz teokratikoetan unean uneko gobernuko indarren gainetik daude defentsa politika (eufemismoak utzita, «eraso politika» esan behar genioke), politika ekonomikoa eta atzerri politika. Hiru horiek harmoniatsu gidatzen dituzte ageriko agintarien gaineko lobby eta korporazioek.

Eskubide zibil batzuen kudeaketa geratzen da hauteskundeetan aukeratzen ditugun alderdien esku; edo lanbidez politikari bihurtu diren alderdi-buru kaskar batzuen esku. Eta arrazoi nahikoa dira horiek Obama nahiago izateko McCain baino; Biden Trump baino. Botoa daukagunean ere, nahiago ditugu Macron eta Sanchez, Le Pen eta Feijoo baino, denak ere gure nazio identitatearen ukazioan bat etorri arren. Antifaxistak gara, sobrare, beste ezeren gainetik. Gure hizkuntzaren zonifikazioari eutsiko dion arren, nahiago dugu Txibite, Esparza baino. Ez dakit sahararrek gure botoa ulertuko duten, Sanchezek egin dien traizio historikoaren ostean. Nolanahi ere, esango nuke, Afrikako beste hainbat herri bezala, ez direla luzez kolonizatzaileei begira egongo. Geroa beste nonbait, beste nolabait irabazi beharra daukate.