GARA Euskal Herriko egunkaria

Jonan


Gosaritan egunkaria irakurtzea arrisku kirol bihurtu den honetan, musikari baten argazkia ikusten baduzu azalean, ia ziur, berri larriren baten ondorioa dela (%90 aukera daude ospitaletik hilerrira doan ibilbide horretako pausalekuren bat aipatzea). Baina, soinu teknikariren batena bada argazkia, orduan ez eduki zalantzarik, %100era igotzen da berri “tragikoa” gertatzeko aukera. Horregatik, kafesnearen alboan Jonanen irudia ikusi nuenean eta jasotako zartakoaren eragina, oraindik, masailean, edo gibelean, ez dakit, barrenak okerrenerako prestatu nituen. Eskarmentuak gidatzen du prebentzioa, baina alferrik, eta berriz ere beste nonbait bilatu beharko epeltasuna.

Sinestuna ez naizen arren: zerua imajinatzen saiatzen naizen guztietan Ikea erraldoi baten moduko zerbait baino ezin dut irudikatu; bake apur bat eman zidan pentsatzeak inon badela “paradisu” dei dezakegun zerbait. Gela ez oso handi bat, kablez, aparailu elektrikoz, ortzadarraren kolore guztiekin argiztatutako botoiez, kable gehiagoz, tamaina askotako pantailez, klase guztietako mikrofonoz, anplifikadorez, efektu prozesatzailez eta bizidun arruntentzat ulertezinak diren beste hamaika aparailuez betea. Eta, noski, bozgorailu sorta: luzeak, zabalak, karratuak eta biribilak. Subwooferrak indartsu, limitadoreen balbulen dir-dir goxoa, transistoreen burrunba beroa. Bakean, mendi baten magalean, han, brisaran, non merezi dutenen eskuzabaltasunak, gizabideak, azkenean, saria jasoko duen, inongo argi mozketarik gabe.