GUTUNAK

Plurinazionalitatea

Mikel Ruano

Uda honetako hauteskundeak pasatu eta gero, berriz ere agerian geratu da Espainiako Estatuaren izaera plurinazionala. Nazio aniztasun hori konpondu gabeko arazo bat da, Borboiek XVIII. eta XIX. mendeetan zehar Iberiar Penintsula osatzen duten erresumak zentralizatu nahi izan zituztenetik, Luis XIV.aren Frantziako eredu zentralista jarraituz. Tinko sinesten dut nazio aniztasun horretan, eta nik uste gai hau, aitzinera segitzeko, behingoz serio hartu beharko genukeela. Zergatik?

Hauteskundez hauteskunde, koloreetako mapetan Espainian dauden hiru «estatuek» desberdin bozkatzen dutela ikusten da. Alde batetik Estatu espainiarra eta bertzetik Foru-estatuak eta Estatu katalana. Ez litzateke posible izanen Portugalekin batera (hala nahi izanez gero) Iberiar Estatuen «Commonwealth» bat sortzea? Nork erranen luke Kanada, Zeelanda Berria edo Australia ez direla estatu independenteak, nahiz eta Estatu Burutza komun bat izan? Gure Estatu propioa eta independentea izatearen truke, Felipe VI.ari noizbehinka harrera egin behar badiogu, aipatutako nazioek Carlos III.a eta Camilarekin egiten duten bezala, ongietorria emanen genieke, pintxo bat hartzera Estafeta kaletik eramanen genituzke, eta gero bakoitza bere etxera. Ez litzateke benetan polita izanen?