Maria DEL RIO
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Elkartasun uholdea

Dena prest dago bihar Marijaiari harrera egiteko Arriagako balkoitik. Urtebetez zain egon ondoren, Bilboko Aste Nagusia hastera doa. Aurten, gainera, urteurren berezia da, 83ko uholdeen 40. urteurrena oroituko da eta.

Orduko itsasadarraren irudiek Aste Nagusian gainezka egiten, jaietako egun handian hain zuzen ere, memoria komunaren parte dira; baita garai hartan txiki-txikiak ginenontzat ere. Ezin ahaztu beste hainbat herri ere oso kaltetuak izan zirela, esaterako, Etxebarri, Galdakao eta Laudio. Jai girotik hondamendira ordu gutxitan pasatu zen. Jendez gainezka zegoen hirian dena aldatu zen bat-batean. Urak ez zituen txosnak bakarrik suntsitu, galera material handiak ekarri zituen, eta are okerrago, bizitzen galera ere. Gainera, elektrizitate eta ur hornidurei, baita elikagaien banaketari eragin zien. Aitzitik, ondoren etorri zena elkarlan uholdea izan zen.

Ezbeharraren osteko lehen erantzuna bilbotarren eskutik etorri zen, eta konpartsakideek funtsezko rola izan zuten lokatza eta hondakinak ateratzen, eta kaltedunei lehenengo arreta eskaintzen. Izan ere, konpartsak ziren ondo antolatutako talde handi eta anitz bakarra abuztu hartan, eta, berriki sortuak ziren arren, elkar lan egiten eta elkarrekin sortzen arituak ziren. Bilbo ez da berdina izan ordutik hona. Oro har aitortzen da Bilbo berritzearen abiapuntua hori izan zela.

Egun Aste Nagusia Bilbon jendeak modu kolektiboan egin dezakeenaren adierazlerik onenetakoa da oraindik ere. Zorionez, talde-lanerako gaitasuna ez da abuztura mugatzen. Konpartsez gain, ehun sozialean aberatsak gara; horrela, urtean zehar lanean dihardute: auzo eta dendari elkarteak, mugimendu sozialak, plataforma ekologistak, talde feministak, euskara eta kultura sustatzeko sareak, guraso elkarteak eta abar. Hala ere, aberastasun sozial horri ez zaio beti bere balioa aitortzen, eta bere lana ez da beti modu egokian ez aintzatesten, ez baliatzen erakundeetatik. Aurrean dugun aste magikoan hiriak itxuraldaketa handia biziko du, denon neurriko eredura hurbilduz; zergatik ez urte guztira luzatu?