EDITORIALA

Etxerako bidean, salbuespen oro ezabatu

Opor sasoi betean, hauteskundeen ostean eta gobernu osaketa eta osaketa saio artean, oharkabe gertatzen den egoera bat salatu zuen atzo Sare Herritarrak, Euskal Preso Politikoen Kolektiboarena. Hainbat datu eskaini zituen, hala nola Lakuako Gobernuak preso horiei ematen dizkien hirugarren gradu gehienen aurka Fiskaltzak helegitea jartzen duela, edo presondegiko baimenei dagokienez ere, ohiko prozedura traba dela, Auzitegi Nazionalak agindua baitu zigorraren bi heren edo hiru laurden bete baino lehen halakorik ez emateko, agindu horrek inongo lege oinarririk ez duen arren.

Hori ez da Fiskaltzaren ohiko prozedura, ordea; beste mota batzuetako presoei emandako hirugarren graduen aurkako helegiteak ez baitira %25era iristen. Ez da kasualitatea, hainbat lege EPPKko presoentzat berariaz eginak diren bezala. Salbuespen legeak dira, eta salbuespenezkoak dira Fiskaltzaren eta Auzitegi Nazionalaren jokabideak ere. Izan ere, salbuespena da preso horien gaineko kontrola Auzitegi Nazionalaren pean egotea, tokiko epaile naturalaren esku egon beharrean. Sarek salatu zuenez, euskal presoen baimenak tratamendu tresna gisa beharrean, onura gisa aplikatzen dituzte. Horrek zigorraren kontzepzio arriskutsu bat erakusten du: begia begi truk edo mendekua aldarrikatzen duena. Duela hamabi urte arteko egoera gordinean ere justifikaziorik ez zuen egoerari eutsi nahi diote, bultzada politikoa disimulatu ezinik. Gustu txarreko txantxa da EPPKko presoen «zigorgabetasunaz» hitz egitea; bizi baldintza ezin latzagoetan batez beste kartzelan 20 urte eman dituztenen inpunitateaz ari dira? Bestalde, Lakuako Gobernuaren jarrera positibotzat jo du Sarek; hala ere, dioenez, preso horien egoera espetxe politika arrunta aplikatuz gero izan beharko liratekeen emaitzetatik oso urrun dago.

Premia bizikoa da preso horiek bizi duten salbuespen egoeraren ertz guztiak bertan behera uztea. Eta ez da hutsala Sarek plazaratu duen gako bat, EPPKko presoen etxerako prozesuaren kontrolari dagokiona. Prozesu hori beren jendarteak, itzuli behar duen jendarte horrek kudeatu behar du, eta instituzioek, jendartearen ordezkari badira, hura bideratu.