GARA Euskal Herriko egunkaria
ZESTA-PUNTA

Johan eta Lopez dira Iparraldeko eta Paueko denboraldiko onenak

Johan Sorozabal eta Imanol López, onenak. (ERAMAN JAI ALAI)

Hamar Masters jokatu ondoren -lau Donibane Lohizunen, beste lau Miarritzen eta bi Pauen-, argitu dira zein zortzi pilotari sailkatu diren Donibane Lohizune Nazioarteko Txapelketarako, Miarritzeko Urrezko Eskularrua eta Paueko Kopa jokatzeko.

Johan Sorozabal eta Imanol Lopez izan dira denboraldiko aurrelari eta atzelari onenak. Erkiaga, Goikoetxea eta Laduche dira, hurrenez hurren, sailkatu diren beste hiru aurrelariak eta, atzelarien artean, berriz, Minvielle, Gorka eta Del Riok aurrera egin dute.

Puntuazio sistemak azken faseko txapelketetako bikoteak ere ezarri ditu. Pilotaleku bakoitzean puntu gehien lortu dituen aurrelariak puntu gehien lortu dituen atzelariarekin bikoa osatuko du, bigarren sailkaturiko aurrelariak bigarren atzelariarekin...

Hala, bihar jokatuko da Miarritzeko Urrezko Eskularruaren finalerdi bakarra: Erkiaga eta Minvielle, Johan eta Gorkaren aurka. Hilaren 23an Goikoetxea eta Lopez zain izango dituzte finalean.

Donibane Lohizunen asteartean Johan eta Lopez, eta Laduche eta Del Rio izango dira aurreneko finalerdian; 24an Erkiaga eta Gorka, Goikoetxea eta Minvielleren kontra. Finala hilaren 29an izango da.

Ostiralean hasiko da Paueko Kopa. Johan eta Minviellek Laduche eta Gorka gainditu beharko dituzte. Irailaren 1ean Erkiaga eta Del Riok Goikoetxea eta Lopez izango dituzte aurkari, hilaren 7ko finalerako.

Hiru Txapelketa hauek Jai Alai League osatzen dute, Gernikako Winter Series delakoarekin batera.