GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Lugañenek eta Urdaibaik indar erakustaldia eman dute Zarautzen

Arraun Lagunak-ek txapeldun baten erara bukatu nahi du liga; pauso batera du Zarauzko Ikurrina. Litekeena da gaur ligako txapela janztea. Bermeok harri batez bi kolpe eman ditu, bandera eta liga bideratuta utzirik; Orio izango du aurkaria gaur.

Goian, Arraun Lagunak, eta beheran, Urdaibai, atzo Zarauzko estropadako garaileak. (Gorka RUBIO | FOKU)

XV. Zarauzko Ikurrina prestigiotsuko lehen jardunaldia jokatu zuten atzo Euskotren Ligako eta Eusko Labeleko ontziek. Gauza bat argi geratu zen: ligako liderrak diren eta orain arte indartsuenak izan diren bi ontziek, Urdaibaik eta Arraun Lagunak-ek, oso bideratuta dutela bai bandera, bai liga. Bereziki Euskotren Liga dago erabakita. Matematikoki oraindik ligako txapelduna ez bada ere, hondamendirik ezean, “Lugañene”-k gaur jantziko du elastiko gorria.

Arraun Lagunak-ek txapeldun baten erara amaitu nahi du liga, Zarauzko Ikurrina astinduta. Atzo pauso sendoa eman zuen horretarako, lehen jardunaldiko estropada irabazita, eta gaur haizea alde izango du. Orio izan zen bigarrena, eta Donostiarra hirugarrena. Juan Mari Etxaberen taldearentzat ez da nahikoa Euskotren Ligako txapeldunak izatea, gehiago nahi dute, eta anbizio eta konfiantza horrekin gailendu ziren Zarauzko banderako lehen jardunaldian.

“Lugañene”-k atzekoz aurrera egin zuen estropadan, bost segundo atzetik hasita, eta bost segundoko aldea aterata aurkariei. Alegia, hamar segundo jan zizkien gainerako traineruei. Ia ezer ez. Oriok hartu zuen aurrea lehen metroetan, Arraun Lagunak-i traineru bateko aldea aterata. Baina lehen ziabogara iritsi baino lehen, orduan hasi zen Arraun Lagunak-en motorra pizten, eta hortik aurrera ez zen gelditu ere egin. Poparean dotore amaitu zuten estropada. Sei segundora iritsi zen Orio, eta zazpira Donostiarra. Tolosaldea 32 segundora heldu zen, eta Hondarribiak lehen txandan egindako denbora hobetu zuen, gutxigatik izan bazen ere.

ORIO, BANDERAREN LEHIAN

Urdaibaik harri batez bi kolpe eman zituen Zarauzko Ikurrina eta Eusko Label Liga bideratuta utzirik. Lehenari dagokionez, Bermeok Orio izango du aurkaria gaur. Oriotarrek sasoi honetan erakutsi ez duten aldartea izan zuten atzo Zarauzko uretan, eta bigarren txandatik sekulako estropada osatu zuten. Estropadako bigarren denborarik onena egin zuten, eta gaur ohorezko txandan arituko dira.

Bigarren kolpeari dagokionez, Eusko Label Ligako sailkapenari begira puntu uzta ederra lortu zuen Urdaibaik. Izan ere, Orio bigarren eta Donostiarra hirugarren sartu ziren Urdaibai, Hondarribia eta Zierbenaren artean. Beraz, Bermeok sei puntuko aldea du “Ama Guadalupekoa” ontziarekiko, eta zortzikoa “Galipo”-ekiko. Urdaibaik, Galiziako bi estropadak ahaztu eta bertsiorik onena erakutsi zuen, indar erakustaldia emanez. Atzo hasitako festa gaur biribiltzea izango dute helburu.