GARA Euskal Herriko egunkaria

Herbehereetako eta Danimarkako F-16ak lortu ditu Ukrainak

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak atzo Eindhovenen iragarri zuen bere herrialdeak 42 F-16 ehiza-hegazkin jasoko dituela gutxienez, Danimarkarekin eta Herbehereekin lortutako akordioaren ondoren eta Ameriketako Estatu Batuen onespenarekin.

Zelenski eta Rutte, atzo Eindhovenen. (Rob ENGELAAR | AFP)

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea ezustean lurreratu zen atzo Herbehereetan, gerra hasi zenetik «akordiorik garrantzitsuena» lortu duela iragartzeko: F-16 ehiza-hegazkinen hornitzea lortu du, «negurako prestatzeko» eta baita kontraerasorako ere, Kievek «ez baitu amore emango».

Zelenski atzo goizean iritsi zen Eindhoven hiriko aire basera. Mark Rutte liberalak gidatutako Herbehereetako Gobernuaren ordezkaritza batek hartu zuen han, eta base militarretik egindako ibilbide batean lagundu zion. F-16 hegazkin batzuk erakutsi zizkion, «lehenbailehen» entregatuko zizkiotela agindu bezalakoak.

«Maiatzean Herbehereek iragarri zuten Ukrainako militarrak entrenatuko zituela, F-16 hegazkinak erabiltzeko. Gaur iragarri dezakegu Herbehereek eta Danimarkak konpromisoa hartzen dutela F-16 horiek Ukrainara transferitzeko», iragarri zuen Ruttek, Zelenskirekin bildu ondoren emandako prentsaurrekoan.

Herbehereek 42 F-16 ehiza-hegazkin dituela kalkulatu zuen Ruttek, eta Ukrainari ematen dioten laguntzan «hurrengo urratsa» dela iritzi du, «epe luzerako urrats bat, seinale argia bidaltzen duena: Ukrainari laguntzen jarraituko dugu, beharrezkoa denarekin eta behar den denboran, maila militarrean, humanitarioan eta berreraikitzeko ahaleginetan», adierazi zuen.

Zelenskik argi utzi zuen, Herbehereetan lurreratu zenean, nederlandarrekin hitz egitera etorri zen «gai garrantzitsuen artean» F-16en entrega zegoela. «Akordio garrantzitsuena entzun nuen lehen aldia izan zen; izan ere, Ameriketako Estatu Batuez gain, Herbehereak dira Ukraina F-16 entregatzea onartu zuen lehen herrialdea, entrenamenduaren ondoren», gaineratu zuen Ukrainako presidenteak.

Zelenskik «Ukrainako aire defentsak indartzeko urrats berri bat» dela nabarmendu zuen, eta Herbehereei laguntza «historikoa» eskertu zien, «borrokarako hegazkin hauek terrorista errusiarrak Ukrainako hirietatik eta herrietatik urrun mantentzeko erabiliko direlako, hain zuzen ere».

Nolanahi dela, Ruttek onartu zuen entregatutako hegazkin horiek «ez dutela gerran berehala lagunduko, baizik eta Herbehereek Kievekin duten epe luzerako konpromisoaren parte direla».