Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
ARRAUNA

Urdaibai geraezin dabil, eta Zarauzko bigarren estropada ere irabazi du

Bou Bizkaia 33 segundorengatik gailendu da Zarauzko Ikurrinean, nagusitasunez irabazita. Bigarren txandako Zierbena geratu da bigarren, eta Donostiarra hirugarren. Bermeok ligan tartea handitu du: bederatzi puntura ditu Hondarribia eta Zierbena.

Urdaibaiko trainerua, Aranberri patroi, Zarauzko estropadako garaipena ospatzen.
Urdaibaiko trainerua, Aranberri patroi, Zarauzko estropadako garaipena ospatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Urdaibaik beste erakustaldi bat gehiago eman du asteburu honetan: Zarauzko Ikurrineko bi estropadak irabazita, ligara begira beste 24 puntu lortuta eta alde handiz gailenduta. Indartsuenak direla erakusten ari dira, egun batean bai eta hurrengoan ere bai. Zarauzko Ikurrineko bi estropaden denborak gehituta, 33 segundoko aldea atera zion Zierbenari. Irabazi bakarrik ez, nagusitasunez gailentzen da Bermeo. Zarautzen bosgarren aldiz irabazi zuen Iker Zabalaren taldeak, eta pozik ikusi zitzaion Gorka Aranberri patroiari, bere herriko bandera prestigiotsua astintzen. Atzo Zierbenak egin zuen bigarren, bigarren txandatik denbora ona markatuta. Herenegun bosgarren egin zuten “Galipo”-ek eta, beraz, atzo ohorezko txandatik kanpo arraun egin zuten.

Hirugarren postua lortzeko lehia bizian aritu ziren Donostiarra eta Hondarribia, baina, herenegun bezala, “Torrekua II” ontziak aurrea hartu zion “Ama Guadalupeko” traineruari. Ohorezko txandan Orio izan zen berritasuna atzo, herenegun sekulako estropada egin baitzuten Jon Salsamendiren arraunlariek. Atzo, ordea, ezin izan zuten balentria hori errepikatu, eta zortzigarren posturaino erori ziren. “Mirotzek” ohorezko txandan arraun egin duten bakoitzean emaitzak oso kaxkarrak izan dituzte: Donostian hamargarren amaitu zuten, eta Lekeition zazpigarren.

Eusko Label Ligako sailkapenari begira, Urdaibaik beste pauso sendo bat eman du, Galizian, Zierbenaren garaipen bikoitzarekin, sailkapena asko estutu eta gero. “Bou Bizkaia”-k bederatzi puntuko aldea du Hondarribiarekiko eta Zierbenarekiko. Hurrengo asteburuan jokatuko dira ligako azken-aurreko bi estropadak, eta, Kontxako Banderaren ondotik, ligako lehen zortzi traineruek jokatuko dituzte azken estropadak, Bermeon eta Portugaleten. Hor erabakiko da ligako txapelduna nor den.

Ohorezko txandan Bermeo izan zen jaun eta jabe, baina Zierbenaren denborari begira egon ziren bermeotarrak. Izan ere, hirugarren luzera arte “Galipoak” aurretik zihoazen. Urdaibai lehen kaletik, Orio bigarrenetik, Donostiarra hirugarrenetik eta Hondarribia laugarrenetik aritu ziren. Donostiarra hasi zen aurretik. “Torrekua II” ontziak erakutsi du denboraldi osoan zehar hasieran aurkariak baino beste martxa bat gehiagorekin ekiten diotela estropadari. Bigarren luzean Hondarribiak Donostiarra harrapatu zuen, olatu ederra hartuta. Urdaibai atzerago zihoan, baina lasai zegoen Aranberri patroia. Bazekien poparean sufritzea tokatu zitzaiela, gero, brankaz, ez bezala. Orio atzean geratzen hasi zen, eta urrun ikusten zituen gainerako aurkariak.

OLATUEN ERAGINA

Olatu on bat hartzen zuenak abantaila handia zuen; bai aurkariekiko aldea handitzeko, bai tartea murrizteko ere. Bigarren ziabogara pareko iritsi ziren Hondarribia, Donostiarra eta Urdaibai. Eta hirugarren luzean, brankaz, hasi zen aldea zabaltzen Zabalaren taldea. Hurrenez hurren, hamar eta hamabi segundora utzi zituen “Torrekua II” ontzia eta “Ama Guadalupekoa”. Eta, jadanik, Zierbena baino azkarrago zihoan “Bou Bizkaia”.

Laugarren luzea bermeotarrena izan zen, eta Aranberrik nahieran hartu zituen olatuak, jakinda bandera eta estropada haienak izango zirela. Atzetik, norgehiagoka polita zegoen Donostiarraren eta Hondarribiaren artean, hirugarren postua nork eskuratuko. Olatu on bat hartu eta aurrea hartu, halaxe ibili ziren amaierara arte, nahiz eta agian Donostiarra egon denbora gehiagoz aurretik. “Torrekua II” ontziak beste urrezko puntu bat kendu zion Hondarribiari sailkapen nagusiari begira.