GARA Euskal Herriko egunkaria
ESPAINIAKO HAUTESKUNDEAK

EAJ-k ez du Feijoo babestuko; baina ezta Sanchez ere, «oraingoz»

Euskal Herriko bi alderdik Espainiako erregea bisitatu dute inbestidurarako kontsulta sortaren hasieran. EAJk baieztatu dio ez lukeela Alberto Nuñez Feijooren saiakera babestuko, baina goizegi iruditzen zaio hautagai bat aukeratzeko. UPNk, aldiz, argi du Feijooren alde egingo lukeela inbestidurara aurkeztuz gero. EH Bilduk Felipe VI.arekin ez biltzea erabaki zuen.

Estebanen iritziz, oraindik goizegi da inbestidurako saioan zer egingo duten erabakitzeko. (Eduardo PARRA | EUROPAPRESS)

Atzo hasi ziren Madrilgo Zarzuelara lehen bisitak, ordubeteren bueltakoak guztiak. Izan ere, Felipe VI. Espainiako erregeak talde parlamentarioekin inbestidurarako hautagaia aukeratzeko egindako bilerak abiatu ziren. Nolanahi dela, aurreikusi zitekeen emaitza izan zuten egindako bilerek eta ondorengo adierazpenek. Erregearen bulegotik igaro ziren Euskal Herriko bi alderdi, UPN eta EAJ. Felipe Borboikoak deitutako bilera txandan ez parte hartzea erabaki zuen EH Bilduk, baita Kataluniako alderdi independentistek ere. Joan den astean Mertxe Aizpuruak azaldu zuen ez zutela beharrezkotzat jotzen eta, gainera, beraien jarrera publikoa eta nabarmena dela.

Bilera txandak gaur amaituko dira, PSOEk eta PPk Zarzuelara egingo duten bisitarekin. Horren ostean, Espainiako erregeak erabaki bat hartu beharko du, edo denbora pasatzen utzi, Feijoo eta Sanchez aukeratu eta baztertu gabe.

ESTEBANEK EZ DU INOR BABESTU

EAJren Kongresuko bozeramaile Aitor Esteban hirugarrena izan zen Zarzuelako gelan esertzen. Irribarretsu hurbildu zen eta, ordubeteko elkarrizketaren ondoren, prentsa aretoan adierazpenik ez egitea erabaki zuen. Batetik, Felipe Borboikoari baieztatu zion Alberto Nuñez Feijooren (PP) hautagaitza ez duela babestuko; eta, bestetik, esan zion oraingoz Pedro Sanchezen (PSOE) hautagaitza ere ez lukeela babestuko. Honenbestez, aipatu zuen ez duela baztertzen beste hauteskunde deialdi bat izatea, gaur-gaurkoz gehiengo argirik ez dagoelako.

Lehenengoa ez da berria, EAJk argi utzi baitzuen jarrera hori uztailaren 23ko hauteskundeen ondoko astelehenean. PPko hautagaia presidente izatera iristeko Voxen babesa ezinbestekoa litzateke, eta, jelkideen arabera, Vox sartzen den eragiketetan EAJk ez du lekurik, eta ondorioz ez du bat egingo.

Bigarrenari dagokionez, Estebanek nabarmendu zuen Sanchezek gehiengoa izan dezan oraindik asko dagoela negoziatzeko. Zarzuelara bisita egin aurretik, goizean egindako adierazpenetan, bozeramaile jelkideak ohartarazi zuen «azkarregia» iruditu zaiola Felipe Borboikoak abiatutako prozesua, «ziurtasunik ez dagoelako gehiengo osoaren inguruan».

UPNK, BAIEZKOA FEIJOORI

Atzo goizean Javier Esparza UPNko buruak Alberto Nuñez Feijoo PPko hautagaiaren inbestidurari babesa eman diola adierazi zion Felipe Borboikoari. Hauteskundeetan hala esan zutela eta bere alderdia «hitzekoa» dela berretsi zuen.

Kongresuan egindako prentsaurrekoan, Esparzak aipatu zuen UPNk ez diola estatuburuari zer egin behar duen esan beharrik, eta hartzen duen erabakia errespetatuko du. Gero eta eztabaida handiagoa darabilte Espainiako erregearen inpartzialtasunari buruz, erabaki konplexua baitu aurrean, Feijook ezin baitu inolaz gehiengorik izan, baina Pedro Sanchezek lor dezakeena airean baitago oraindik.

«PPren gobernu baten alde egiten jarraitzen dugu, baina, jakina, aukeraketa PSOEren eta Bilduren gobernu baten edo hauteskunde berri batzuen artean badago, hauteskunde ziklo berri batera joatea espero dugu», adierazi zuen Esparzak kazetarien aurrean.

UPNko buruak gertatuko ez den aukera bat ere jarri zuen mahai gainean: PPren eta PSOEren arteko akordioa. Baina berehala gaineratu zuen «amets egitea» zela, «amets polita, baina amets egitea», eta Sanchezek independentismoarekin gobernatzea planteatzea ez dela bide egokia, «Espainia hautsi nahi duten horiekin».

SUMAR, SANCHEZEKIN

Yolanda Diaz Sumarreko buruak Sanchezen inbestidurari babesa eman zion berriro, PSOErekin koalizio-gobernu bat berrantolatzeko. Baina Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentearen esku uzteko aukera «errespetatzen» duela esan zion Espainiako erregeari, «porrota» izango dela uste duen arren, PPk aliaturik ez duenez gero.

Bileraren osteko prentsaurrekoan adierazi zuen bere errespetua: «Erabateko errespetua diogu estatuburuak hartzen duen erabakiari, eta erregearen borondatea zorrotz errespetatuko dugu», bermatu zuen. Diazen ustez, Pablo Casado erori zenetik PP «krisian» dago, «bakarrik eta aliaturik gabe, Kongresuko Mahaia aukeratzeko saioan ikusi zen bezala», eta Feijooren balizko inbestidura hori «porrota» izango litzateke bere iritziz. «Gertakariak ikusita, Feijoo jauna inoiz baino bakartuago dago, ez du gobernu bat osatzeko inolako aukerarik, ez du zenbakirik, ez aliaturik», laburbildu zuen.

Bere apustuak PSOEren eta Sumarren arteko koalizioko gobernu «aurrerakoia» izaten jarraitzen duela esan zuen. Horretarako Sanchez babestuko dute, nahiz eta aitortu zuen negoziazioa ez dela erraza izango, «gaur egun jarrerak urrun daudelako».

PP-CC AKORDIOA

Coalicion Canariak (CC) Kongresuan duen ordezkariak, Cristina Validok, bere alderdiak Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteari babesa emango diola baieztatu zion atzo erregeari, eta, arratsaldean jakinarazi zutenez, gaur bertan sinatuko dute akordioa.