GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Zer ordu da? BRICS blokearena puntuan


BRICS taldeko herrialdeak (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika) munduaren arreta bereganatu duen goi bilera egiten ari dira Johannesburgon. Ardatz gero eta sendoagoa da; bere ondorioak datozen hamarkadetan gero eta nabariagoak izango dira, AEBen itxurazko botere erabatekoa orekatuko duen geopolitika multipolar berri bat indartzen doan heinean. Munduko biztanleriaren %42 biltzen du, barne produktu gordinaren %26 eta merkataritzaren %18. Txina da blokeko ekonomia indartsuena, %70ekin; Errusia, energia hornitzaile nagusia; India potentzia ekonomiko handienetakoa da baliabide natural eta zerealen esportazioei esker; Brasil nekazaritzako elikagaien industria globalaren puntan dago; eta Hegoafrika teknologia mailan erabilera anitzeko metal eta mineralen horniduran ezinbesteko herrialdea da. Broma gutxi.

BRICS blokearen erakargarritasuna handitzen doa, etengabe, bazter guztietan. Eta ez bakarrik Pekin-Mosku ardatzaren sokakoak diren herrialdeen artean. Aliantza tradizional eta etsaitasun historikoak ere gainditu ditzake. Ez litzateke harritzekoa azken 30 urteetan AEBek diseinatutako munduko mapa geopolitikoa zedarritu duten lerrokatze geopolitikoak berridatziko balitu. Bestalde, kapitalismo neoliberalaren funtsezko balio batzuk desafiatzen dituen garapen eredua eskaintzen du, Hegoa-Hegoa kooperazioan eta ekonomia osagarriak eta helburu politiko eta ekonomiko antzekoak dituzten herrialdeen arteko loturan oinarrituta.

Prozesua ez da erraza izango, ezta barne tentsiorik gabea ere. Txinak eta Errusiak bultzatuta, dolarra, Mendebaldearen hegemoniaren sinboloa, tronutik kentzea helburu aitortua du. Nazioarteko ordainketa sistema alternatiboak ezartzea, Mendebaldeko finantzekiko menpekotasuna gutxitzeko, blokeko kideei kanpo inposizio eta xantaiarik gabeko segurantza berriak eskaintzeko. BRICS taldeak mundu orekatuago baten esperantza berregiten du, non botere ustez geldiezinek muga eta freno berriak izango dituzten. Non, agian, neoliberalismoa eta bere ondorio maltzurrenak gainditzea, hots, milioika jenderen gosea eta miseria, errealitate bilakatzen hasiko den.