GARA Euskal Herriko egunkaria
TENPERATURA ALTUAK EUSKAL HERRIAN

Muturreko beroa Euskal Herrian, 45 graduren bueltan termometroak

Bero saparen eraginez, ia 45 gradu izan zituzten atzo Bizkaiko Gueñes herrian. Eta ez ziren atzean gelditu Laudio (44,5 gradu), Bilbo (41,4) edo Iruñea (40,4). Alerta gorria iragarrita zegoen Euskal Herrian, eta gaur indarrean izango da alerta laranja. Suteak sortzeko arriskuagatik alerta horia ere martxan dago Hego Euskal Herriko lurraldeetan.

Beroari aurre egiteko bakoitzak bere modua aurkitu zuen atzoko egunean. (Jaizki FONTANEDA eta Iñigo URIZ | FOKU)

 

«Muturreko tenperatura altuengatik» alerta laranjatik gorrira igaro zen atzo Euskalmeten aurreikuspena, eta 40 graduak gainditu zituzten Euskal Herriko termometro askok. Euskalmetek Sodupe-Kadagua estazio meteorologikoan jaso zuen tenperaturarik altuena: 44,8 gradu, Bizkaiko Gueñes herrian. Bizkaiko hiriburuan 41 gradu gainditu zituzten termometroek, Euskalmeten arabera; Laudion, 44,5, eta Iruñean 40,4 graduko gehiengoak jaso zituen Aemetek.

40 gradu pasatxo eman zuten termometro beroenek, Arrasaten, esate baterako, 42 gradu erregistratu ziren Euskalmeteko estazioan. Bizkaian ere izan zen tenperatura horietara gerturatu zenik, Derion eta Galdakaon hain zuzen ere 43 gradu izan ziren arratsaldeko lehen zatian.

Lakuako Gobernuak alerta gorria ezarri zuen 15.00etatik 18.00ak bitarte, eta aurreikuspena bete zen, egindako bero saparekin. Aemeteko mapari erreparatuz, Euskal Herria izan zen alerta gorria zuen lurralde bakarra. Baso suteak izateko arriskuagatik abisu horia ere aktibatuta zegoen atzo, eta gaur indarrean jarraitzen du. Nafarroa ere alerta gorrian izan zen Aemeten arabera, eta Nafarroako Gobernuak ere suteen ohartarazpena egin zuen: barbakoak egitea debekatu, piroteknia erabiltzearekin bat.

Ipar Euskal Herrian ere alerta laranja ezarri zuten, Lapurdiko kostaldean 40 gradu ingurura iritsi zirelako. Frantziako Gobernuak adierazi zuenez, «bero errekor» guztiak hausten ari dira aste honetan Frantziako erdialdean eta hegoaldean. Plan Canicule izendaturikoa martxan jarri zuten euskal herrialdeetan ere, 2003ko beroak eragindako hildakoen ondorioz sorturiko protokoloa. Horretan, adinekoentzako arreta zerbitzua, enpresentzat neurri zorrotzagoak eta herriko etxeen baliabideak herritar zaurgarrienen eskura jartzeko planak jasotzen dira.

BERO GUTXIAGO, BAINA ALERTA LARANJA

Météo Francek esan duenez, gaur ere alerta laranjan jarraituko du Ipar Euskal Herriak, eta Lapurdiko kostaldea izango da bero gehien egingo duen ingurunea. Hego Euskal Herriak ere alerta laranjan segituko du gaur. Eta tenperatura minimoak 25 graduren bueltan ibiliko direla jakinarazi du Euskalmetek. Bihartik aurrera, aldiz, aldaketak aurreikusten dira, eta astebururako ekaitza etor daitekeela aipatu dute.

 

BERORA MOLDATU BEHARRA

Bero boladari aurre egiteko Laudioko udalak osoko bilkuren aretoa zabaldu zuen atzo, herritarrek leku fresko bat izan zezaten. Gainera, jaiak dira Arabako herrian, eta Lamuza pilotalekuan jokatzekoak ziren pilota partidak bertan behera utzi zituzten.

Bilbon Aste Nagusiak aurrera jarraitu badu ere, zenbait ekintza egokitu egin behar izan zituzten egunean zehar egiten zuen bero handiagatik. Beste ekintza batzuk, aldiz, bertan behera geratu ziren.