GARA
JOHANNESBURG

BRICS taldeak familia handitu du, sei kide berriri ongietorria egitea adostu ondoren

Geopolitika inarrosi eta nazioarteko ekonomian sakon eragin dezakeen erabakia hartu dute BRICS blokeko herrialdeek. 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, beste sei kide izango ditu klubak: Egipto, Etiopia, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran eta Argentina.

Txinako Xi, Brasilgo Lula, Hegoafrikako Ramaphosa eta Indiako Modi, pozarren, Johannesburgeko goi bileran.
Txinako Xi, Brasilgo Lula, Hegoafrikako Ramaphosa eta Indiako Modi, pozarren, Johannesburgeko goi bileran. (Marco LONGARI | AFP)

BRICS blokea herrialde berrietara zabaltzeko Johannesburgeko goi bileran hartutako erabakia «historikotzat» aurkeztu da. Oraindik ez dira ezagutzen kide berriak onartzeko izan diren irizpide, babes eta eztabaiden edukiak. Filtratutakoaren arabera, ateak itxitako osoko batzar eta aldebiko bileretan egin ziren negoziazioak. Eta, azkenean, klubak sei kide berri izango dituela erabaki zuten: Egipto, Etiopia, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran eta Argentina. Beste sei aipatzen dira, itxaron zerrendan geratu direnak: Aljeria, Kongo, Ghana, Zimbabwe, Indonesia eta Bangladesh.

Izatez, bazter guztietako 40 herrialde inguruk egin dute BRICS blokera sartzeko eskaera formala, edo sartzeko interesa erakutsi dute. Munduko agertokian klub hori bereganatzen ari den protagonismo eta eragin gero eta handiagoaren seinale da. Askotarikoa den klubak baditu eskaera sinple batzuk: oreka global barneratzaileago bat, batez ere AEBen eta EBaren aurrean. Eta zentzu horretan mintzatu zen goi bilerara gonbidatua zuten Nazio Batuen Erakundearen buru Antonio Guterres: «Mundu multipolar baterantz goaz. Zaharkitutako nazioarteko erakunde multilateralak berrikusi behar dira, egungo errealiate ekonomiko berriak hobeto ordezkatu ditzaten».

BATZUEN POZAK

Klubeko kide boteretsuena, Xi Jinping Txinako presidentea, «urrats historiko» batez mintzatu zen, eta «BRICS taldeak etorkizun distiratsua» izango duela aurreikusi zuen.

Brasilgo Lulak adierazitakoaren arabera, «BRICSek kide berrietara zabaltzen jarraituko du, munduko ordena berri baten aldeko motorra izanik».

Oro har, kide guztiek poza adierazi zuten. Eta berdin sartu berri diren kideek ere. Errusiaren bultzadaz sartu den Iranek «gure herrialdearen kanpo politikaren arrakasta estrategikoa» goraipatu zuen.

Hegoafrikaren bultzadaz kideturiko Etiopiak, lehen ministro Abiy Ahmeden hitzetan, «gure herriarentzat une historikoa» dela aipatu zuen. Eta Brasilen bultzadaz klubean sartu den Argentina ere itolarrian duen inflazioaren aurkako botika mirakulutsu batez aritu zen.

BESTEEN KEZKAK

AEBak BRICS taldearen zabalkundearen inpaktua eta garrantzia lausotzen saiatu diren arren, bistan da Mendebaldeak zuzendutako foro multilateralen aurrean alternatiba geopolitikoaren papera indartu egin duela. Ofizialki, Hegoafrikak behin eta berriz esan duen bezala, «taldea Mendebaldearen etsaia ez den arren».

Iran klubera batzeak, ordea, AEBen haserrea piztu du. Bi herrialdeen arteko etsaitasuna begien bistakoa da, eta, are, Errusiarekin daukan aliantza militarrak asko kezkatzen ditu. Mehatxuak publikoan zabaldu dituzte. Baina aurrez aurre begiratzen duen eta Iranen sarreraren alde lan egin duen Txinak mezu oso argia bota die: «Nazioarteko arauak herrialde guztien artean idatzi eta sostengatu behar dira. Ezin dute izan gihar indartsuenak dituztenek diktatuak».



Haien monetekin salerosten hasi nahi dute, dolarraren kalterako

Ekonomia emergenteen BRICS taldeko buruek, "Johannesburgeko adierazpena" izeneko ebazpenean, dolarraren kalterako diru propioez salerosteko bideak aztertuko eta azkartuko dituztela aditzera eman dute. «Gure Finantza ministro edo Banku Zentralen buruei dei egiten diegu moneta lokalen, ordainketarako bitarteko eta plataformen gaia sakon aztertu eta [Errusian ospatzekoa den] 2024ko goi bilera baino lehen informa gaitzaten», adierazi dute. Johannesburgeko goi bileraren konklusioetan, Hegoafrikako presidente Ciryl Ramaphosaren aburuz, «gure taldeak moneta lokalen erabilerari, finantza mailako hitzarmen eta ordainketa sistema alternatiboei bultzada global bat eman nahi die». Eta, hartara, prest daudela aurreratu du, «finantza globalen arkitektura, sinesgarritasuna eta berdintasuna hobetzeko aukera oro esploratzeko».

Vladimir Putinek, berriz, aipatu zuen ekonomiaren desdolarizazioaren prozesua «atzera-bueltarik gabekoa» dela BRICS taldeko herrialdeen arteko trukeetan eta transferentzietan. GARA