26 AGO. 2023 KOLABORAZIOA Donostiarren ikuskizun negargarriak Josu TELLABIDE Etnologoa Gure historiak, komunitate lez, iraganera begirakoa izan beharko luke; izan ere, memorian eta ahanzturan eraikita dago. Memoriak lotu egiten gaitu eta ahanzturak, berriz, zatitu eta banandu. 1813ko sarraskia gogoratzen dugunean ez da gogoratzea nahi, ez da interesatzen oroitzea eta, beraz, horrek zatitzen eta banatzen gaitu. Horrela, gure inguruan memoriari dagozkion kasu asko ematen dira. Horietako batzuk astakeria eta itsukeria nabariak dira; adibidez, Irun eta Hondarribiko ikuskizun tristeak, non historia desitxuratuz kolonizatzaileak eta inbasoreak babestuz egiten den. Bide batez, emakumeena bezalako jendarte sektore anitz diskriminatu. Antzeko zerbait gertatzen da Pasai Antxoko festetan, non San Fermin eguna ospatzen den. Nondik dator santu hori Pasaiara? Herritarrek ez dakite Pasai Antxo Estatua jabetu zen lur komunaletatik datorrela. Eta lur horiek oparitu zitzaizkiola Fermin Lasala Urbieta oligarkari. Ondoren bere seme Fermin Lasala Colladok, Mandasko dukeak, oinordekotzan jaso zituela eta Molinaoko zingira eta erribera guztien jaun eta jabe bilakatu zela Pasai Antxo herria eraikiz. Historia errespetatu beharko balitz, festetako patroia San Fermin Lasalak izan beharko luke, bestela orain gertatzen den bezala memoria desitxuratu egiten da, ahanztura mantenduz eta jendea zatituz. Donostiako danborrada inauterietako konpartsa bat gehiago zen eta ez du zerikusirik Napoleonen garaiko gerlekin. Kasu honetan ere donostiar burgesek, ezin zutenez jasan jendea diberti zedin, sokamuturra debekatu zuten, jakinik hori zela donostiarren dibertitzeko modu nagusia (egun Iruñean entzierroarekin gertatzen den bezala). 1902an zoritxarreko Sebastian Machinbarrena alkatearen aginduz sokamuturra debekatu zen eta, horrekin batera, danborrada. Gero, Francok alkate hori Aldundiko presidente izendatu zuen 1936an. Sokamuturra eta inauteriak debekatu zituztenak jauntxo berak izan ziren, esan bezala, ezin baitzuten onetsi herritarrak diberti zitezen euren kontroletik at zeuden festetan eta, egia esan, ondo kontrolatu zuten jendea eta festak; izan ere, 1936an eman zuten estatu kolpearen ondoren sortu zen gerra eta horren osteko errepresioarekin espainiar basakeria eta fanatismoa hiriaz jabetu zen Erdi Aroko garaietara itzuliz. Hamarkadak bizi izan ziren donostiarrek izua barnean zutela, eta oraindik ere ondorioak nozitzen ditugu. Egun, donostiarren danborrada erabat masifikaturik dago, horrez gain eta sarritan militarizatu egin da. Ikusi besterik ez dago umeen danborrada parada militarizatua bilakatu dela. Gainera, Loiolako kuarteleko militarrek “Tatiago’-ren doinuarekin desfilatzen dute auzoan. Hiriko kaleetan agertuko ote dira laster? Ikusiko dugu. Aipatu behar dugu duela urte batzuetatik gaur egunera nola gogoratu nahi den 1813ko abuztuaren 31n gertatu zena, ingeles mertzenarioek soldadu portugesekin batera, hauek espainiar aliatuak zirela, Donostian egin zuten sarraskia, frantsesen aurkako gerran ari zirela. Esan bezala, aipatzen dugun ikuskizun negargarri hori, tiro hots eta soinu handiekin, danborradan oinarritzen da, Napoleonen garaiko jantzi militarrekin mozorroturik -dirudienez, ez zaie bururatzen beste modurik- ingelesak hiria konkistatzen, frantses okupatzaileen eskutik askatuz ondoren espainiarrei emateko. Horretan datza egiten duten ekitaldia. Bidenabar, erail, lapurtu, emakumeak eta haurrak bortxatu eta, azkenik, hiriari su eman desagerrarazteko. Dena Wellingtongo dukearen aginduak betetzeko, eta, dirudienez, Castaños jeneralak agindutakoa ere egiteko, zeinak herritar guztiak aiztoz pasatzeko agindu zuen eta Donostia erabat suntsitzea nahi izan zuen. Bideraturik izan den historia faltsua eta memoria bateratu baten gabezia baliatuz, ahanztura eta kritika falta izan dira gure artean. Adibidez, kultura gastronomiarekin nahasten dugu. 2015/10/26ko Estatu legeak xedatzen du kultura ez-materialaren patrimonioa dela gastronomia (ez dute aipatzen gastroenteritisa. Ez dezan jendeak pentsatu beherakoa ere kultura dela). Orduko jauntxoak egungo kapitalistak dira, gastronomian negozioa ikusi dutenak eta gure hiria janariaren abangoardiaren “Meka” bihurtu nahi dutenak, pintxoen munduko hiriburua, alajaina, euren adierazpenetan eta propagandan dioten bezala. Gure zoritxarrerako bozkatzen ditugun politiko administrariei alfonbrak jartzen dizkiete, orubeak oparitu eta guztion dirua ematen diete gure kontura euren negozioak egin ditzaten, bere garaian Pasai Antxorekin gertatu bezala. Bideraturik izan den historia faltsua eta memoria bateratu baten gabezia baliatuz, ahanztura eta kritika falta izan dira gure artean