Ane URKIRI ANSOLA
ARRAUNA

Haizea lagun izan du Oriok Ondarroan eta udako lehen bandera astindu du

«Mirotzek» denboraldiko lehen garaipena ospatu zuten atzo, XXXIX. Ondarroako Banderan azkarrenak izanda, bigarren txandatik. Haizeak gora egin zuen ohorezko txandan eta Urdaibaik puntu galera jasan zuen, Hondarribiaren mesedetan.

Orioko eskifaia, XXXIX. Ondarroako banderan erdietsitako garaipena ospatzen.
Orioko eskifaia, XXXIX. Ondarroako banderan erdietsitako garaipena ospatzen. (Jon URBE | FOKU)

Itsasoa hain da handia, hain aurreikusezina, hain da harrigarria bere eragina... Horrek guztiak egiten du eder arrauna eta arraun denboraldia, indartsuenek ere men egiten baitie eguraldien baldintzei eta horrek ezustekorako bidea zabaltzen du. Halaxe gertatu zen atzo XXXIX. Ondarroako Banderan. Oriok garaipen zinez gozoa dastatu zuen, bigarren txandatik jardunaldiko denbora onena eginez. Lehendabiziko bandera astindu zuten “mirotzek” eta aurreko asteetako arantza atera dute, ohorezko txandan aritu diren guztietan aurkariengandik oso urrun aritu baitira.

Atzo ezustean harrapatu zituen garaipenak, Ander Etxegoien patroiak ETBko kameren aurrean adierazi legez. Bigarren txanda irabazita -Ondarroa anfitrioiak eginiko lan ona are gehiago hobetuta eta txandan aurkari izan zituztenekiko nagusitasuna erakutsita-, uretatik jarraitu zuten ohorezko txanda. «Hasiera batean haizea jaitsi egin da, baina azken luzean haizea goraka hasi da; hala ere, ez genuen pentsatzen garaipena gurea izan zitekeenik. Badakigu haizeak asko lagundu digula, kontziente gara nola irabazi dugun, baina merezitakoa da egunerokoan egiten dugun lanarengatik», azaldu zuen Etxegoienek.

Hain zuzen, Hondarribiak segituan apurtu zuen ohorezko txanda eta bazirudien berea izango zela denborarik onena -hirugarren luzean Orioren denbora bost segundoan hobetuta zeukan eta Urdaibairi 12 segundo ateratzen zizkion-, baina itsasoak, haizearekin bikote eginez, txarrera jo zuen eta poparean egin behar zuen azken luzean denbora galtzen joan zen.

Azken ziaboga hartu eta minutu eta erdira Orioren denbora lau segundo azkarragoa zela adierazten zuen GPSak. Asko sufritu zuten Orbañanosenek azken luzean eta bukaeran 14 segundoko atzerapenarekin iritsi dira helmugara, Orio eta Lekittarraren atzetik, hain zuzen ere. Isuntzak erakutsi zuen Kontxako sailkapen estropadan kontuan hartzeko trainerua izango dela, bai eta Ondarroa berak ere.

Berea izan zen garaipena lehendabiziko txandan eta azkenerako bosgarren egin zuen, hurrengo urtean gorengo mailan lehiatuko dela matematikoki ziurtatuz. Samertolameuk ere maila galdu duela ziurtatu zen atzo.

URDAIBAIK LAU PUNTUKO GALERA

“Ama Guadalupekoa” garaipena ospatzeko penaz geratu zen azken bi asteetako deserosotasuna astintzeko formula egokia izan baitzitekeen, baina badauka zer ospatu ontzi gipuzkoarrak. Bigarren postua sendotu zuen -Zierbenak bederatzigarren egin zuen, Santurtzi, Kaiku eta Samertolameuren aurretik- eta liga berriro ere pil-pilean jarri du. Urdaibai jokoz kanpo geratu zen segituan, baina denbora galera hori ez zen soilik ohorezko txandan islatu, estropada zazpigarren bukatu baitzuen.

Hala, Hondarribiak lau puntu jan dizkio eta hiru estropada puntuagarriren faltan, “Bou Bizkaia”-gandik bost puntura kokatu da.

Gaur, 12.15etik aurrera, XIV. Getariako Bandera jokatuko da. Orio, Lekittarra, Hondarribia eta Cabo ariko dira ohorezko txandan.