Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Klima aldaketa, kulturala!

Beste herrialde batzuetako bero sapa eta itsaskorra nire larruan sentitu ostean berriro etxean bueltan, bertako sargoriaz gozatzeko edo. Jada ez da errepide bazterreko plastikoak planetako mundu guztiak berdintzen dituena, orain beroak berak ere berdintzen gaitu, urteak ohiko izan dituen sasoiak han-hemen galtzen ari diren honetan. Irakite globala diote, berotzea atzean utzita. Planeta labe garai bihurtu dugu eta basoak erregai. Berrikuntza gero gurea! Eta ez dakit albistegiak freskatzeko den, baina 83ko uholdeak ekarri ditugu gogora egunotan, gure buru giroa hezetzeko edo. Hortaz, gure garapen kulturak honaino ekarri bagaitu klima aldaketa kulturala da, berez, kultura gabekoak garen seinale!

Total, etxera bueltan hementxe neuzkan aste biko egunkariak ordenan metatuta. Eta bueltako ohiturari jarraituz begirada arina eman diet, orain azala orain mamia, komunean batzuetan, «aurrean papera ta atzean papera, periodikoa letuz ilustratzen gera»… Kolpea gero! Mediterraneoko ur beroak saiatuen gorputzak hilotz uzten segitu du, hobi komuna gizenduz; gizateriaren ondare! Eta jitoan paterak lepo doazen bitartean hara turisten kruzero-ontziak erditik pasatzen, kamarote bakoitzean hobi septikoa eta guzti! Mundu transgeniko oso bat itsasontzi baten krosko zabalean. Jakingo balute patera-lagunek lehen mundua ei den honetara ailegatuta halako itsasontzi batean bizitzeko aukera emango diela Estatuak! Hori bai, portuko kaiari itsatsia eta leihoetan burdin-sarea!… Mediterraneoa itsaso tentsionatua izendatu beharko litzateke!

Eta tartean, beste batzuk ilargi-borrokan, ez dakit zein polotan nor lehena izango bandera iltzatzen. Umeek gauez tailer goibel batean ehundutako bandera, seguruenik. Ama! Basoak ez bezala odolak su gabe diraki, hotzaldietan ere…