Urtzi URRUTIKOETXEA
MARTIN LUTHER KING-EN HITZALDITIK 60 URTERA

Amesgaizto gehiegi oraindik ere beltz eta gutxiengoentzat

Martin Luther Kingek, Eskubide Zibilen Mugimenduko buru agerikoenak, bere esaldirik ezagunena bota zien gaurko egunez, duela 60 urte, Washingtonen elkartutako 250.000 lagunei: «Amets bat daukat». Sei hamarkada geroago, AEBetako hiribururako martxa burutu dute berriz asteburuan. Gaur Etxe Zurian izango dira Kingen ondorengoak.

60. urteurreneko martxan, parte-hartzaile bat, Martin Luther Kingen argazkia eskuan duela.
60. urteurreneko martxan, parte-hartzaile bat, Martin Luther Kingen argazkia eskuan duela. (Kevin DIETSCH | AFP)

«Lanpostuen eta askatasunaren aldeko martxa» izan zen 1963ko ekitaldiaren izenburua. Gaurko egunez, jendetza elkartu zen Washingtonen. Asko ziren eskubide zibilen mugimenduak zekartzan eskaerak: neurri ekonomikoetatik hasi eta politikoekin segi, poliziaren indarkeria amaitzea eta boto-eskubidea herritar guztientzat. AEBetako hegoaldeko herritar beltz gehienek debekatuta zuten botoa ematea, erregistratzea ezinezkoa baitzen segregazioa sakon errotutako estatuetan. Funtsean, arrazismoa amaitzea eskatzen ari ziren milaka manifestariak.

Dozenaka hizlari izan ziren -gizonak ia guztiak, azkenean emakume beltzek ordura arteko borrokan izandako lekua gogorarazi eta tarte txiki batzuk bereganatu arren eszenatokian-, baina ingelesezko lau hitzetan laburbildu da abuztuaren 28 hura: I Have a Dream (Amets bat daukat). Martin Luther Kingen hitzak XX. mendeko diskurtsorik esanguratsuena izan ziren, ikertzaile estatubatuarren arabera, eta izan da ingelesez inoiz egindako garrantzitsuena dela esan duenik.

«ORAINDIK EZ DA LIBRE»

Atlantako predikatzaileak gogora ekarri zuenez, esklabotza amaitu eta ehun urtera, «beltza oraindik ez da libre». Tonua igotzen joan zen: «Ez gara pozik egongo Mississippiko beltzak bozkatzerik ez duen artean, eta New Yorkeko beltzak zeren alde bozkatu ez duen artean». Eta aurreraxeago lehertu zen hitzaldia: «Amets bat daukat, egun batean Georgiako muino gorrietan esklabo ohien semeak eta esklabo-jabeen semeak anaitasunaren mahaira eseriko direla elkarrekin. Amets bat daukat, bidegabekeriaren eta zapalkuntzaren bero itogarritan den Mississippiko estatua ere askatasun eta justiziazko oasi bihurtuko dela. Amets bat daukat, nire lau haur txikiak egun batean nazio batean biziko direla, zeinean ez dituzten epaituko azalaren koloreagatik, haien izaeragatik baizik. Amets bat daukat gaur».

Amets gehiago azaldu zituen 17 minutuko hitzaldi mesianikoan Luther Kingek, jendetzaren emozioz betetako txalo eta oihuen artean, «askatasunaren txirrinak» joko zuen egunaren zain, «eskuak loturik, beltzen kanta izpiritual zaharra kantatuko dugu: ‘Libre azkenean. Libre azkenean. Eskerrik asko Jainko ahalguztiduna, libre gara azkenean’». Eguna amaitzerako, Kennedy presidenteak Etxe Zurira gonbidatu zuen. Hiru hilabete beranduago hil zuten Dallasen.

EZ DA OSPAKIZUN BAT

Hurrengo udarako, eskubide zibilen legea onartu zuen kongresuak, baina oso urrun zegoen bazterkeriaren aurka protestan ibili zirenen gutxieneko eskaritik. Selmako protestak eta Montgomeryrako martxa 1965eko urtarrilean izan ziren. Azkenean, 1965eko martxoan onartu zuten boto-eskubidearen legea.

Sei hamarkada beranduago, Lincoln Memorialean “Amets bat izan dut” ageri da zoruan, Luther Kingek hitzaldia egin zuen lekuan. Baina beltzen aurkako polizia-indarkeriaren adibideak oso ohikoak dira oraindik ere, eta zenbait estatu errepublikanotan beltzen eta beste gutxiengo batzuen boto-eskubidea bera zailtzeko neurriak hartzen hasi dira.

Herenegun milaka lagun elkartu ziren berriz ere King familiarekin batera. Afro-amerikarrekin batera beste gutxiengo batzuen aldarrikapenak ere nabarmenduz, asiar zein latinoamerikar jatorrikoenak, kasu. Sindikatuetako ordezkari eta mezu asko ere izan ziren, baita mugimendu feministarena ere (abuztuaren 26a 1920an emakumeen boto-eskubidea onartu zeneko urteurrena ere bada).

«Washingtonerako martxa ez da ospakizun bat, jarraipen bat da», zioen leloak. «Demokraziak urteetako arrisku handiena dauka. Gogor borrokatuta lortutako eskubide zibilak txikitzen ari dira», salatu zuen Al Sharpton apaizak. «Gure hautetsiei ekintza eske gatoz. Demokraziaren aldeko eta gure etorkizunaren aldeko borroka da». Gaur Joe Bidenek eta Kamala Harrisek King-en seme-alabak eta eskubide zibilen mugimenduko kideak hartuko dituzte Etxe Zurian.