Ane URKIRI ANSOLA
ARRAUNA

Urdaibaik nagusitasuna berretsi du Getariako ur nahasi eta desatseginean

«Bou Bizkaiak» denboraldiko 10. garaipena ospatu zuen, XIV. Getariako Ikurrina irabazita. Itsaso benetan zakarrean azkarrenak izan ziren bermeotarrak eta, herenegun galdutako errenta berreskuratuta, liga irabazteko borrokan pauso handia eman dute.

Gorka Aranberri, Urdaibaiko patroia, pozez zoratzen Getariako bandera eskuan duela.
Gorka Aranberri, Urdaibaiko patroia, pozez zoratzen Getariako bandera eskuan duela. (Jon URBE | FOKU)

«Irabazten duenak soilik disfrutatzen duen» estropada horietako bat izan zen atzo Getariako uretan jokaturikoa. Halaxe adierazi zuen Urdaibaiko patroi Gorka Aranberrik, udako 10. garaipena lortu berritan. Nahasia zegoen itsasoa eta are gehiago nahasten joan zen orduek aurrera egin ahala. Kaiku, lehen txandatik, garaipenetik hurbil ikusi zen, batez ere bigarren txandakoen denbora hobetu zuela ikusita. Ohorezko txandako Bermeok eta Zierbenak -22 minututik jaitsi ziren bakarrak-, baina, arazorik gabe hobetu zuten Sestaokoaren denbora.

Denboraldia garai honetara iristen denean, bandera baino askoz gehiago egoten da jokoan, liga bukaerara iristear baitago. Herenegun, Ondarroan, sailkapenaren behealdeko guztia erabakita geratu zen, matematikoki; bada, Getarian, ziurtzat ezer eman ez badaiteke ere, Urdaibaik bandera astintzeaz gain, erabakita utzi zuen Eusko Label Liga. Hondarribiari -azken luzean postu batzuk eskalatu zituen, laugarren bukatzeko- 9 puntuko aldea ateratzen dio eta, bi estropada puntuagarriaren faltan, irauli ezin daitekeen distantzia dela dirudi.

«Bermeok kolpea jasotzen duenean azkar altxatzen da», esan zuen Aranberrik, Ondarroako egun petrala atzean utzi eta bertan galdu zuen distantzia berriro berreskuratuta. Eta ez soilik distantzia, baizik eta konfiantza, egun eskas baten ostean berriro ere Urdaibaik huts egitea gauza nekeza dela baitirudi.

AZKEN LUZEAN, ARGIA

«Gaur irribarretsu nago irabazi dugulako, baina itsasoa ez zegoen disfrutatzeko moduan. Azken luzean ikusi dugu argi pixka bat, Zierbenari aurrea hartu diogunean». Izan ere, “galipoek” markatu zuten denbora onena kasik estropada osoan, ohorezko txandan aritu ziren Donostiarra eta Hondarribia segituan atzean utzita. Gipuzkoarrek inoiz baino gehiago sufritu zuten eta horren adierazle da “Ama Guadalupekoa”-ren denbora, Urdaibairengandik, bere aurkari nagusiarengandik, kasik minutu batera helmugaratu baitzen. Dena dela, azkenean bigarren postua mantendu ahal izan zuen, azken luzean 7. postutik 4.era igarota.

“Bou Bizkaia” eta Zierbenaren aurkari nagusia, bestalde, lehen txandan zegoen; Kaiku, hain zuzen. Ondarroan azken-aurreko postuan geratuta, Jose Luis Kortak entrenatutako eskifaia oso ongi moldatu zen Getariako itsaso desatseginean. Lehen txanda horretan, gainera, haizeak gogotik jotzen zuen, baita hasiera gunean ere eta hasiera minutu batzuez atzeratu behar izan zuten.

Atzetik aurrera joan ziren sestaoarrak, Ondarroari aurrea hartuz bigarren ziabogan, eta ordutik erlojuaren kontra ari balira bezala arituta. 15 segundora utzi zuen Ondarroa, esaterako, eta minutu erdi baino gehiagora, Sotera.

Hala, Kortaren mutilek adi-adi jarraitu zituzten gainerakoen txandak, haizea estropada eremuaren kanpoaldean zakartuta, halakoetan ezustekoak gailentzen baitira. Are gehiago, bigarren txandakoak lehiatuta ere, Sestaokoena zen denborarik onena, Oriok -Ondarroan garaile uda honetan lehen aldiz- ezin izan baitzuen bere denbora hobetu. “Mirotzek” 12 segundo gehiago behar izan zuten estropada bukatzeko eta sufrimenduaren benetako adibide izan zen Cabo: Boiroko ontziak laugarren egin zuen Ondarroan, baina atzo etsita amaitu zituzten lanak, 23 minutu eta erdiko denborarekin. Denborak, hain zuzen, itsaso zakarraren isla dira, ohiko denbora 20 minutu inguruan egoten baita.

KONTXARA BEGIRA

Eusko Label Liga bukatzeko bi estropada puntuagarriren faltan, traineru guztiak Kontxara begira jarri dira. Gizonezkoek ostegunean jokatuko dute sailkapen estropada eta Urdaibaik, iazko garaileak, ez du sustorik nahi, iaz ozta-ozta lortu baitzuen txartela. 7. postu preziatu hori norena izango den borroka oso estua aurreikusten da.