GARA Euskal Herriko egunkaria

Argitaratu gabeko bi film emango dira Zinemaldiko Klasikoak sailean

Zinemaldiko Klasikoak sailak zortzi film hartuko ditu 71. edizioan: Yasuzo Masumura, Liliane de Kermadec, Francesc Betriu, Yasujiro Ozu, Fabian Bielinsky eta Arturo Ripsteinen film bana eta Jose Val de Omar eta Raul Ruiz eta Valeria Sarmientoren obren estreinaldiak.

Gerraren indarkeria gizagabea aztertzen du Yasuzo Masumuraren «Akai tenshi» (1966) filmak. (ZINEMALDIA)

Zinemaldiko Klasikoak sailak inoiz baino film gehiago, zortzi, eskainiko ditu bere 71. edizioan: Yasuzo Masumurak, Liliane de Kermadecek, Francesc Betriuk, Yasujiro Ozuk, Fabian Bielinskyk eta Arturo Ripsteinek zuzendutako lanen kopia zaharberrituak ikusiko dira, argitaratu gabeko bi lanen estreinaldia hartzeaz gain: ‘‘Festival en las entrañas’’, Jose Val del Omarrek zuzendua, eta ‘‘El realismo socialista / Socialist Realism’’, Raul Ruiz eta Valeria Sarmientorena.

Batetik, Yasuzo Masumurak -gerraosteko zinema japoniarreko egile garrantzitsuenetakoa- zuzendutako ‘‘Akai tenshi / The Red Angel’’ (1966) filma emango da; ikuslea Txina eta Japoniaren arteko Gerrara eramaten du Masumurak, gerraren indarkeria gizagabeak ukitutako erizain baten bitartez.

Bestetik, Isabelle Huppert eta Delphine Seyrig aktoreek Aloise Corbaz artista suitzarraren rola egiten dute gaztaroan eta helduaroan, hurrenez hurren, Liliane de Kermadecen ‘‘Aloïse’’ (1975) filmean. Gidoia Andre Techinerekin batera idatzi zuen Polonian jaiotako zinemagile frantsesak eta Cannesen lehiatu zen, bere eskizofreniaren aurka borrokatzeko pinturan ihesbide bat aurkitu zuen emakume bati buruzko film honekin. Nouvelle vague mugimenduaren garaikoa izanik, lankidetzan aritu zen Agnes Varda eta Alain Resnais zinemagileekin, besteak beste, .

‘‘Furia espanyola / Spanish Fury’’ (1975) Francesc Betriuk zuzendutako komedia beltza da. Protagonista Julianarekin (Monica Randall) da ezkontzekoa, baina ezkontza ligako partida garrantzitsuenaren (Bartzelona-Real Madril klasikoa) egun bererako dago programatuta. Obra kostunbrista honetan, zuzendariak futbola, politika eta kritika soziala nahastu zituen, Franco hil zen urtean zentsura frankistari aurre egiteko.

Yasujiro Ozu maisu japoniar ospetsuaren film bat ere bilduko du sailak. Zuzendariak II. Mundu Gerraren ondoren egindako lehen lana izan zen ‘‘Nagaya Shinshiroku / Record of a Tenement Gentleman’’ (1947), eta gerra amaitu eta gutxira bonbardaketek suntsitutako Tokioko barruti batean haur baten ardura hartu beharko duten iragarle eta galdaragile baten istorioa kontatzen digu.

Sailak 4K bereizmenean berreskuratuko du ‘‘Nueve Reinas / Nine Queens’’ (2000), Argentinako zinematografiako ezinbesteko film eta Fabian Bielinskyren maisulana. Filmeko protagonistak bi iruzurgile (Ricardo Darin eta Gaston Pauls) dira, elkar ezagutu eta negozio batean elkarrekin lan egitea erabakiko dutenak, irabazi handiak lortzeko irrikaz.

Sailean ‘‘Principio y fin / The Beginning and the End’’ filma ere emango da, estreinatu eta 30 urtera; 1993an Urrezko Maskorra irabazi zuen (ex aequo Dariush Mehrjuiren ‘‘Sara’’-rekin batera). Arturo Ripstein zuzendari mexikarrak patriarka hil ondoren ez pobretzeko borrokan dabilen klase sozial ertaineko familia baten istorioa kontatzen digu klasiko moderno honetan.

ESTREINALDIA ETA ERAKUSKETA BIRTUALA

Gainera, sailak orain arte ezezaguna zen Jose Val del Omar zinemagile granadarraren ‘‘Festival en las entrañas’’ (1963-1965) estreinatuko du. TactilVisión izeneko bere teknika ospetsuaren bidez filmatutako pieza da, garai hartan Manuel Fragak zuzentzen zuen Informazio eta Turismo Ministerioak enkargatua. Estatu espainoleko hainbat lekutako herri-kulturaren, folklorearen edo monumentuen adierazpenak biltzen zituzten hamar film laburrez osatuta zegoen enkargua, eta pieza honetan bi berreskuratu dira.

Halaber, atzotik Artxiboak -Zinemaldiko Artxiboaren webguneak- erakusketa birtual bat izango du, Val del Omarrek Zinemaldiarekin izan zuen harremana jasotzen duena, elkarri bidalitako gutunen bidez. Granadako asmatzaile eta zinemagilearen 18 gutunez eta telegramaz osatutako korrespondentzia biltzen du erakusketak.