NAROA APAOLAZA
GASTEIZ

«Gosea», milioika pertsonaren «mehatxua», Lys Arangok irudiztatuta

Lys Arango kazetari eta argazkilariak 2019tik gauzatutako proiektuarekin inauguratu da «Kazetaritza bertatik bertara» jardunaldien 9. edizioa. Arangok Guatemalan eta Parisen dagoen «gosea» irudikatu du erakusketa baten bidez. Irailaren 3ra arte ikusgai egongo da Gasteizko Europa Jauregiko kanpoaldean. Bertan, gosearen «aurpegi guztiak» irudien bitartez islatzen saiatu da, protagonisten bizitzetan barneratuz.

Lys Arango, erakusketan.
Lys Arango, erakusketan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Lys Arango kazetari eta argazkilariaren 26 irudiz osatutako erakusketa ikusgai dago Gasteizko Etorbidean, Europa Jauregiaren kanpoaldean. Arangok gosearen «aurpegi guztiak» ezagut daitezen du helburu. Hori dela eta, erakusketa honetan bi herrialde oso desberdinetan ipini du fokua; Guatemala eta Estatu frantsesa. Erakusketa, ‘‘Kazetaritza bertatik bertara’’ jardunaldien parte da eta irailaren 3ra arte egongo da ikusgai.

Mundu osoan, gosea milioika pertsonaren «mehatxu» handienetako bat da eta pertsona horien bitartez egoera islatzeko ahalegina egin du argazkilariak. Erakusketaren inaugurazioan Lys Arango, Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko kultura eta hezkuntza zinegotzia, eta Zuriñe Elordi, saileko zuzendaria, izan ziren argazkien artean ikusleekin batera «murgiltzen».

2019an eman zion hasiera Arangok proiektu honi. Kazetariak azaldu zuenez, 2016tik hainbat gobernuz kanpoko erakunderekin lanean aritu da proiektu humanitarioetan, eta horien artean 2018an ‘‘Gosearen aurkako ekintza’’ egitasmoan parte hartu zuen. 2019an jabetu zen jendea laguntzeko «beste modu bat» bazela, eta aurrean zuen egoera irudien bidez dokumentatzen hasi zen.

2019tik 2021era Guatemalan bizi izan zen Arango, eta haurren desnutrizioa «gertutik» ezagutu zuen. «Guatemalan, bi haurretik batek desnutrizio kronikoa jasaten du», esan zuen Arangok aurkezpenean. Han elikadura faltak haurrengan bizitza osorako ondorioak dituela nabarmendu zuen. Haien janari bakarra artoa eta babarrunak dira, eta klima aldaketa dela eta, uztak gero eta urriagoak dira, «egoera are gehiago larrituz».

Argazkilaria horrelako egoera larrian dauden pertsonen egunerokotasuna islatzen aritu da eta horretarako hainbat familiarekin bizi izan da hiru urtetan zehar. Azaldu zuenez, janari eskasia zer den ezagutu zuen han, baita ur eskasia ere. Askok kafe eta azukre plantazioetan lan egin behar dute janaria lortzeko, betiere lan baldintza «prekarioetan» eta soldata «eskasekin». Hori dela eta, Arangok nabarmendu zuen gosea «migrazio arrazoi nagusia» dela Guatemalan.

2022an, aldiz, «fokua Europan jartzea» erabaki zuen Arangok. «Garrantzitsua iruditzen zitzaidan bizi naizen kontinentean zer gertatzen den islatzea», adierazi zuen, askotan gosea Europatik kanpo dauden herrialdeen arazoa dela pentsatzen baita. Parisen gosearen arazoa «desberdina» dela adierazi du, arazo nagusia «malnutrizioa» baita.

Inflazioa dela eta, pertsona askorentzat ezinezkoa da janaria erostea eta Parisen gero eta elkarte gehiago daude pertsonak elikatzeko «egunez eta gauez» lanean ari direnak; jantokiak eta hotel sozialak dira ezagunenak. Arangok egoera hauek «pertsonen bidez» kontatu nahi izan ditu, eta, zifrak alde batera utzita, «pertsona zaurgarrien» egunerokotasuna irudikatu nahi izan du erakusketan; alegia, ikasleen, migratzaileen eta erretiratuen errealitatea.

KAZETARITZA JARDUNALDIAK

Erakusketa honekin hasiera eman zioten “Kazetaritza bertatik bertara” jardunaldien 9. edizioari. Hitzaldi eta ikus-entzunezko edukiz beteriko jardunaldiak dira, egungo gai sozialak jorratzen dituztenak. Jardunaldiok abuztuaren 28tik irailaren 3ra arte egingo dira eta Gasteizko Europa Jauregian hainbat kazetarik beren proiektuak aurkeztuko dituzte. Lys Arango abuztuaren 29an arituko da erakusketaren nondik norakoak aurkezten, 12.00etan.