Jon ORMAZABAL
REALA

Aperribay taldea utzi nahi izan ez duten jokalariekin eskertuta agertu da

Kieran Tierney larunbatean jokatzeko prest azaldu da, Imanolek hala nahi balu. Champions Leaguen aurpegia emateko gai ikusten ditu taldekideak.

Kieran Tierney gustura agertu zen izandako harrerarekin.
Kieran Tierney gustura agertu zen izandako harrerarekin. (REAL SOCIEDAD)

Realak atzo aurkeztu zuen ofizialki Kieran Tierney ezker hegaleko eskoziarra, momentuz taldeko azken fitxaketa bezala. Baina gauerdian fitxaketen merkatua amaitzen den honetan, taldeak egin ditzakeen azken uneko mugimenduek hartu zuten prentsaurrekoaren zatirik handiena eta, besteak beste, Jokin Aperribayk onartu zuen taldeak interesa duela Alvaro Odriozola eskuin hegaleko gipuzkoarra fitxatzeko. Hori bai, Realeko presidenteak ez zuen argitu nahi izan hurrengo orduetan donostiarra ekartzeko mugimendurik izango ote den.

Denboraldia nahi bezala hasi ez duten arren, esne mamitan daude txuri-urdinak; gaur ezagutuko dituzte Champions Leaguen izango dituzten aurkariak. Realaren ingurukoek fitxaketak eskatzen badituzte ere, debarrak argi utzi zuen zuhurrak izan behar dutela, eta Augusto Cesar Lendoiro Coruñako Deportivoko lehendakari ohiak esan zizkionak gogoratu ditu: «Championsen eta Europan urte batzuk ematen dituzten taldeek beti krisialdi bat izaten dute, handik kanpo geratzen direnean». Aperribayk ez du halakorik inola ere nahi, eta udako merkatua pausoz pauso eraman dutela argitu zuen.

Azken unera arte, beraz, mugimenduak egon daitezke Realaren inguruan, baina Odriozolarena salbu, egotekotan, irteerak izango dira. Realeko presidenteak azaldu duenez, Kieran Tierneyren etorrerarekin oso posiblea da Diego Ricok taldea uztea, baina ez zuen argibide gehiago eman. Karrikaburuk ere ateak irekita izango lituzke beste talde batera utzita joateko, hazten jarraitzeko onena bada.

Korapilatsuagoa dirudi Robert Navarroren kasuak, eta presidenteak «argitzeko» eskatu zion, Realean geratu edo beste talderen batera utzita joan nahi duen.

Nolanahi ere, beste taldekide batzuentzat esker oneko hitzak izan ditu; jakina den Le Normandez harago «taldea uzteko aukera izan duten zenbait egon dira, baina ez digute joateko inolako presiorik egin. Zaleez, proiektuaz eta elkarrekin helburuak lortzeaz hitz egiten dute».

TIERNEY, JOKATZEKO PREST

Azkenean bigarren plano batean geratu bazen ere, Tierneyk harmailarekin konexio berezi bat izan dezakeela berretsi zuen aurkezpenean, eta larunbatean jokatzeko moduan ikusten du bere burua.