Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Saguaroa

Saguaroa hartxintxarrezko lorategi ondoko espaloitik urrats batzuetara zetzan, barruak erabat belztuta, tximista batek oinean jo eta erdibitu izan balu bezala. Cormac McCarthyren nobela batetik ateratako irudia ematen zuen begi aurrean nuen saguaro kiskaliak, indarkeriaren errepresentazio gordin eta atariko, aldi berean. Oilo-ipurdia jarri zitzaidan eszenaren aurrean.

Gaur egun, AEBetako hego-mendebaldea eta Mexikoko ipar-mendebaldea diren lurralde oraindik kolonizatuetan kaktus-espezie nagusia da saguaroa, edo hala izan da mendeetan. Kontua da tximistarik ez zuela jo hartxintxarrezko lorategiko saguaroak, ezta inguruko gainerako kaktusek ere. Udan hainbat egunez izan den tenperatura altuak hil ditu; edo hiltzeko zorian utzi. Sekula ikusi gabeko gertaera dela diote hopiek, lurraldearen jatorrizko zaintzaileek, baina ezer gutxi egin dezakete egoerari buelta emateko. Ur baliabideen erabilera eta kudeaketa murriztu eta, zenbait kasutan, ukatu egin dio Arizonako estatuak hopi erreserbari, hau lurralde subiranoa den arren. Hots, estatuek ezingo lukete erreserben gaineko erabakirik hartu (bai, ordea, gobernu federalak, zeinarentzat indigenen erreserbak mendeko lurraldeak diren). Praktikan, «segurtasuna»-ren aitzakian, hopiei eta gainerako herri indigenei ukatu egiten zaie baliabide naturalen gainean erabakitzeko eskubidea. Bitartean, saguaroek hiltzen jarraitzen dute, gertatzen ari den eta etortzear dagoen hondamendiaren irudi.